Ekaitz Goikoetxeak irabazi ditu Basarri Sariako bi sariak
Sariketaren antolatzaileek ez dakite inoiz gertatu den lehenengo bi sariak bertsolari berak irabaztea
PPLL
Miércoles, 2 de septiembre 2015, 00:51
Beasaingo Ekaitz Goikoetxea Asurabarrena bertsolariak irabazi du aurtengo Basarri Saria, XXXI. edizioa, 'Harriak ez du begirik' izeneko bertso-sortarekin. Zazpi puntuko zortziko bertso dira, Silveiraren 'ETAren su-etenetik' doinuan paratuak. Krisia, langabezia eta desahuzioen inguruan muntatzen du «istorio pertsonala». Bertso sakonak, ondo eginak, zorrotzak, gaurkotasun handikoak eta, ondorioz, sinesgarritasun betekoak direla nabarmendu du Andoni Egaña, Nahikari Gabilondo eta Rufino Iraolak osatu duten epaimahaiak. Horrez gain, hizkeraren egokitasuna eta indarra azpimarratu ditu.
Publicidad
Bigarren saria ere beasaindarrak irabazi du. 'Ardiak zenba-tzen' izeneko sehaska kantarekin eskuratu du sari hori. 'Urzo zuri polit bat' doinuan jarritako zortzi bertso dira, leloa (bi bertsotik behin) eta guzti. Epaimahaiaren iritziz, bertsoak beti dira entzuteko, baina kantatutakoan benetako izatea hartzen dutenak nabarmendu ditu, orduan bihurtzen baitira, «bereziki, emozio-eragile». «Sehaska-kanta izateak originaltasun handia ematen dio sortari», gaineratu du.
Sariketaren antolatzaileek ez dakite inoiz gertatu den lehenengo bi sariak (kasu honetan ematen diren biak) bertsolari berak irabaztea; ez dute ezagutzen aurrekaririk, Basarri Sarian ez, behintzat. Gainera, Ekaitzek «oso estilo diferenteko sortarekin» lortu ditu sariak. Dena den, Rufino Iraolak jakinarazi duenez, 1977an, Xalbador Saria egin zen Urepelen, eta lehenengoa eta hirugarren saria bertsolari berak irabazi zituen, baina, tartean, bigarrena beste batek jaso zuen.
Bi sariak aho batez erabaki dira eta batez ere lehenengo saria epaitzerakoan oso zalantza gutxi izan du epaimahaiak. Bigarren sariari dagokionez, eztabaida gehiago izan dela azaldu du, baina, guztiz bat etorri da saria ematerakoan. Hamabi bertso-sorta aurkeztu dira aurten lehiaketara, kalitateari dagokionez «alde dezentekoak». Izan omen da aurretik entzundako eta ezagutzen diren bertsoen ukitu eta usainekoren bat ere. Horrelakorik ez du onartzen epaimahaiak.Datorren ostiralean, Modelo aretoan, banatuko dira sariak, egun horretan jokatuko den 'Bertsolari Gazteen XXXIX. Lizardi Saria' amaitu ostean.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión