Ekintza desberdinak antolatuko dira Urnietan Euskaraldiaren atarian
Gerturatzen ari da pixkanaka Euskaraldiaren hirugarren edizioa, izan ere, azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean gauzatuko da 'Hitzez ekiteko garaia' lelopean.
Euskararen erabilera sustatzeko nahia duen eta bere hizkuntza ohiturak eraldatu nahi dituen orok har dezake parte Euskaraldian. Bada, ekimen honen atarian herria girotzen joateko hainbat ekintza antolatu dira eta ekitaldi nagusia larunbatean, hilak 5, gauzatuko da Zubitxo plazan. Bertan, Egape Dantza Taldeak koreografia bat dantzatuko du, Kantazaun elkarteak zenbait abesti kantatuko ditu eta bertso eskolako kideen bertsoak entzuteko aukera ere izango da. Horretaz gain, Euskaraldiko arropa eta materiala erosteko aukera egongo da.
Ekimenean parte hartu nahi dutenek izena emateko aukera ere izango dute. Horretarako, euskara norekin eta zenbatetan erabili nahiko duten pentsatu beharko dute. «Aurten ere, bi rol egongo dira: Ahobizi, euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiten dut uneoro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakidanean lehen hitzak, beti, euskaraz egiten ditut; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraitzen dut. Batzuetan zaila izan arren, elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eusten diot kideek ulertzen dutenean. Eta Belarriprest, aldiro erabakitzen dut euskaraz noiz eta norekin egin. Agian, beti ez dut euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek niri euskaraz hitz egitea nahi dut, eta horixe eskatzen diet modu esplizituan», azaldu dute arduradunek Euskaraldian egongo diren bi rolen inguruan.
'Tik-Tokaldia' eta yoga
Bestalde, TikTok lehiaketa bat abian jarri da 13 urtetik gorako gazteentzat. Parte hartzaileek Euskaraldiaren hirugarren edizioko kantaren zati bat abestu eta dantzatu beharko dute eta publikatzerakoan ondorengo helbideak eta hashtag-ak jarri beharko dituzte: @euskaraldia.urnieta #Euskaraldia2022 #HitzezEkiteko #Ahobizi # Belarriprest #Arigunea #Lorpen #Erronka.
Publikazioei dagokionez, 16 urtetik gorakoen bideoak soilik partekatuko dira Euskaraldiko kontuan irudien babes legearengatik, baina parte hartzaile guztien artean euskararekin eta euskal kulturarekin lotura duen sari eder bat zozketatuko da. Parte hartzeko interesa dutenek azaroaren 17ra arte dute bideoak bidaltzeko aukera.
Halaber, ekimenaren baitan euskaraz emango diren bi yoga klase eskainiko dira azaroaren 12an. Lehenengoa, 10:00etan, izango da, eta, bigarrena, berriz, 12:00etan. Izena eman nahi dutenek 688 603 777 telefono zenbakira deitu edo WhatsApp-ez idatzi beharko dute azaroak 10 baino lehen.
Urnietako Udalak «euskarari bultzada ematera eta Euskaraldian eta bere inguruan antolatu diren ekintza mordoetan parte hartzera animatzen ditu urnietarrak».