Borrar
Jon Antxordoki, Udaleko Euskara saileko zinegotzia, eta Ttakun Kultur Elkarteko Kultura arduraduna, Arkaitz Ilarramendi. María
Lasarte-Oria

Datorren astean ospatuko da Lasarte-Oriako lehen Bertso Astea

Ekimen honen baitan hiru ekintza antolatuko dira, euskararen erabilera eta bertsolaritza sustatzeko, gazteek beren trebetasunak garatzeko espazio bat eskainiz

Osteguna, 14 azaroa 2024, 11:56

Comenta

Lasarte-Orian ospatuko da lehen aldiz Bertso Astea. Hain zuzen, azaroaren 25etik 29ra, hainbat ekintza antolatu dituzte arduradunek elkarlanean, hau da, Udaleko Euskara sailetik, Ttakun Kultur Elkartetik eta Earra! Bertso Eskolatik. Bertso-Astea bertsolaritzari lotutako hainbat jarduera konbinatzen dituen aste kultural bat da. Proiektu honek, Imanol Lizardi euskararen eta herriko kulturaren sustapenean funtsezko figura izan zenari omenaldia egiteaz gain, bertsolaritza herritarrengana hurbiltzea eta gazteen artean parte-hartze aktiboa sustatzea du helburu.

«Imanol Lizardiri iazko abenduan egin genion omenaldian primizia eman genuen, asmoa zegoela bertsolari gazteei zuzendutako txapelketa bat antolatzeko. Esandakoari zor, Bertso Astea prestatu dugu hiru jarduerekin: bertso solasaldia, bertso poteoa eta 18 eta 25 urte arteko bertsolarientzako I. Imanol Lizardi Sariketa izango ditu», azaldu zuen Udaleko Euskara zinegotzi Jon Antxordokik, Udaletxean egindako aurkezpenean. Bertan, Ttakun Kultur Elkarteko Kultura arduradun Arkaitz Ilarramendik ere azaldu zituen ekimenaren xehetasunak. Bertso solasaldiak irekiko du Bertso Astea, hilaren 26an. Eskarmentu handikoak diren eta plaza askotan arituak diren Ane Labaka herritarrak eta Beñat Gaztelumendik bertsolaritzaren atalen gaineko aholkuak emango dizkiete hasiberriak direnei. «Solasaldia eta bertsoak tartekatuko dituzte eta umore ukitua emango dio aurkezleak, Mailu Arrutik», adierazi zuen Ilarramendik. Osasun zentroaren ondoko eraikinean egingo dute ekintza hori, 18:00etatik aurrera. Jarduera irekia eta doakoa izango da.

Bi egun geroago, azaroaren 28an, Earra! Bertso Eskolakoek bertso poteoa egingo dute erdigunean barrena, trikitilarien laguntzarekin. 18:30ak aldera hasiko direla iragarri dute.

Ekimen nagusia

Bertso Astea itxiko du I. Imanol Lizardi sariketak ostiral horretan, hilak 29. Arduradunek azaldu dutenez, «Imanol Lizardiren oroitza bizirik mantentzea, bertsozaletasuna sustatzea udalerrian nahiz eskualdean, bertsolari gazteei plaza batean aritzeko aukera ematea, herriko gazteei euskaraz gozatzeko aukera ematea eta bertso eskoletako parte hartzea bultzatzea izango dira helburu nagusiak».

Mirentxun ariko dira Hego Euskal Herriko lau lurraldeetatik etorritako sei bertsolari gazte, 18:00etatik aurrera: Maddi Lasa eta Aratz Arzelus gipuzkoarrak, Iraide Onaindia eta Hegoi Amabizka arabarrak, Kelmene Abaitua bizkaitarra eta Kattalin Lizarraga nafarra. Ekimenak bi atal izango ditu: lehenengoan seirek parte hartuko dute eta ariketa desberdin batzuk egin beharko dituzte, Aizpea Garmendia gai jartzaileak jarriko dizkien erronkei aurre eginda, eta bigarrenean, bi onenak buruz burukora sailkatuko dira eta aurrez aurre ariko dira koplaka.

Bertsolari guztiek oroigarri bana jasoko dute. Halaber, irabazleak ordainsaria, 400 euro, eta zapia jasoko ditu, eta bigarren sailkatuak ordainsaria, 200 euro.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Datorren astean ospatuko da Lasarte-Oriako lehen Bertso Astea

Datorren astean ospatuko da Lasarte-Oriako lehen Bertso Astea