Emakume bertsolarien umorezko sariketako bigarren saioa jokatuko da bihar Galbaixon
Arratsaldeko 17:00etatik aurrera izango da ermitan
A. GORRITIBEREA
MUTRIKU.
Osteguna, 22 apirila 2021, 00:40
Kultur ekimenak lozorroan dauden honetan, hainbat emakume bertsolarik eta bertsozale feministek antolatuta, 1. 'Señora' bertso sariketa antolatu dute, beti ere umoreari garrantzi berezia emanez. Sariketak bi kanporaketa gune izango ditu; lehena Aramaion, eta bigarrena Mutrikun. Aramaiokoa joan zen ostiralean jokatu zen, eta Mutrikukoa berriz, bihar ostiralez, arratsaldeko 17:00etan, jokatuko da Galbaixoko ermitan.
Kanporaketan bertsolari hauek arituko dira; Oihana Bartra, Saioa Alkaiza, Ainhoa Agirreazaldegi, Oihana Arana, Paula Amilburu eta Aissa Intxausti. Gai jartzaile lanetan berriz, Maite Berriozabal arituko da. Sariketa bada ere, umorea izango du ardatz saioak, eta hori bideratu ahal izateko, 'Señora' izaerari ere irakurketa desberdinak aurkitu dizkiote; ausardia, bakardadea, edadetua edo eta desiratua kontzeptuekin sarritan lotzen baita besteak beste. Gainera, bertsoak ez dira teknikoki bakarrik epaituko, bertsolari bakoitzak sortzen duen giroa eta feminismoari egiten dion ekarpena ere kontuan hartuko bai dute. Bi kanporaketetatik, bi bertsolari sailkatuko dira finalerako, baina beste bi ere aukeratuko dituzte sortzen duten giroaren arabera. Finala berriz, maiatzaren 8an jokatuko da Lesakan. Biharko saiora joan nahi dutenek; izan emakume edo gizonezkoek, 5 eurotan izango dute sarrerak, batzuk saioa hasi aurretik eskuratu ahal izango dute, baina ziurrena www.bertsosarrerak.eus zuzenbide elektronikora jotzea du bidezkoena.
Positiboak mantentzen dira
Ez da erraza gertatzen ari Covid-19ko pandemiari buelta ematea, eta horren lekuko Mutrikuko datuak dira. Asteartean positibo bakarra izan zen, astelehenean bi eta ondorioz, 100.000 biztanleko positiboen tasa 564,55an dago, beraz gora jarraitzen du 400go langatik aldenduz. Hala eta guztiz, Gipuzkoako batazbestekoa baino txikiagoa da, Gipuzkoakoa 677,35ean baitago. Bakarrik kontagio indizea jaisten da; 1,56koa zen igandean, eta 1,43koa asteartean. Positibo guztiak zenbatuz gero, 357 dira Mutrikun zenbatuak pandemia hasi zenetik.