«Euskararen alde salto emateko prest» hartuko du Elgoibarrek Kilometroak jaia
Euskara. ·
Elgoibar Ikastolak atzo aurkeztu zuen urriaren 5ean hiru gune eta azpigune batean garatuko den eta «bete-betea» datorren egitarauaJabi León
Elgoibar
Jueves, 25 de septiembre 2025, 06:38
Aurtengo Kilometroak jaia antolatzeko ardura hartu zuenetik, Elgoibar Ikastolaren komunitate osoak euskararen alde 'salto-saltoka' lanean jardun du; festarako aukeratutako leloarekin bat eginez.
Publicidad
Hala ere, pertsona askoren urte osoko lana errematatzea falta da. Eta, horretarako, hitzordua urriaren 5ean dago ezarrita, Elgoibarrek egun horretan hartuko baitu Kilometroak jaiaren 49. ekitaldia. Beraz, hamar egun besterik ez dira geratzen festa handia ailegatzeko; eta Elgoibarko herria prest da dagoeneko urriaren 5ean euskararen eta euskal kulturaren plaza nagusia eta euskaldun guztientzat arnasgune bihurtzeko.
Olatz Astigarraga, Elgoibar Ikastolako lehendakariak, Iera Larrañaga, ikastetxeko Kilometroak 25eko koordinatzaileak, eta Aitor Elizaran, Kilometroak kultur elkarteko lehendakariak, atzo eman zituzten ezagutzera Kilometroak jaiaren egitaraua eta festaren inguruko bestelako xehetasunak: «adin guztiei begirako egitarau bete-betearekin dator Kilometroak jaia», nabarmendu zuten.
Larrañagak azaldu zuenez, hiru gune eta azpigune bat izango dira Elgoibarko Kilometroak-en, esan bezala, adin guztietara zuzendutako ekintzekin eta ikuskizunekin: «gazteentzat erronka probak izango dira herri osoan zehar, txikientzat egur jolasak, puzgarriak, tailerrak, eskulanak, magoak, txarangak, elektrotxarangak, erraldoiak eta, nola ez, hainbat musika taldek kontzertuak eskainiko dituzte». Indarrak hartzeko eta jan-edanarekin hornitzeko guneak ere ez dira faltako. Horrekin lotuta, ikastolako frontoian 450 lagunentzako jangela egokituko da: «helduentzat, paella eta oilaskoarekin osatutako menua eskainiko da, 18 eurotan; eta haurrentzat makarroiak eta oilaskoa, 12 eurotan». Txartelak Ikastola gunean erosi ahalko dira.
Omenaldi bikoitza
Elgoibar Ikastolak urriaren 5eko festa baliatuko du Aubixa baserrian urte luzez lanean aritu den Maritxu Loiola eta Aspanogi elkartea omentzeko.
Bizitza osoa euskararen zerbitzura emateagatik egingo diote omenaldia Maritxuri: «Elgoibar Ikastolaren sorrera amestu zutenek 1962an zuten helburu bera islatzen du Aubixa baserriak: euskararen berpizkundea, arnasa eta bizia; elkarlana eta konpromisoa; ilusioz pentsatutako eta bihotzez gauzatutako proiektuak. Eta hori guztia, irribarre batekin».
Publicidad
Minbizidun haurrei eta haien familiei laguntzen aritzen den Aspanogik ere jasoko du merezitako errekozimendua, bere 30. urteurrenean: «1996tik, elkarte honek ez du bakarrik laguntza praktikoa eskaini: maitasuna, babesa eta indarra ere eman ditu».
Amaitzeko, Elgoibarko Kilometroen antolakuntzak azpimarratu zuen urriaren 5eko festan ez dela «inolako eraso matxista, LGTBIfobiko edota arrazistarik onartuko». Era berean, egun horretan garraio publikoa erabiltzeko eskaera luzatu zuten: «tren eta autobus bereziak jarriko dira». Dena den, autoan joan beharrean direnentzat sei aparkaleku izango dira.
Publicidad
Ikusitakoa ikusita, Elgoibarrek «euskararen alde beste salto bat emateko prest» hartuko du Kilometroak jaia. Dena behar bezala ateratzeko 1.100 bolondres arituko dira lanean.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión