Eibar
«Soraluzeko final-laurdenetara iristeak ilusio handia egingo lidake»Hilaren 12an Abanca-DV Txapelketan debutatu zuen, 19-22 irabaziz; esku pilotarekin gozatzen jarraitu nahi du, helburu handiagorik gabeIbon Ibarra Eibar Klub Deportiboko aurrelaria
Muitza baserrian hezia eta Mendigoitxin jaioa, Ibon Ibarra (Eibar, 2006) Arrateko frontoian hasi zen pilotan lehen pausoak ematen aitarekin jolasten, eta orduak igaro zituen aitxitxarekin egongelan esku pilotako partidak ikusten. Eskubiarekin «txispa handiarekin» aritzen dela dio, eta «jokoan asko sartzen den» aurrelari horietako bat bezala ikusten du bere burua. Sei urterekin hasi zen Eibarko Pilota Eskolan, eta orain arte txapelketa mordoa irabazi ditu. Hilaren 12an, Moto atzelari legutioarrarekin batera, Abanca-DV Txapelketan debutatu zuen, 19-22 irabaziz, promesetan. Urteak igaro dira txapelketak pilotari eibartar bat zuenetik, eta Ibarrak etorkizun oparoa du aurretik. Dena den, ez du desio handirik: esku pilotaz gozatu eta partidaz partida hobetzea.
– Aurten ondo hasi zara Ander Aguirresaroberekin batera, Gipuzkoako eskuz binakako txapelketako final laurdenetara iritsi zarete.
– Helburua bigarren mailara iristea da eta, horretarako, hirugarren mailako finalaurrekoetara heldu behar gara. Eibarko klubean hori da gure helburua. Aurreko denboraldia oso ongi bukatu nuen, Iker Izagirreren (Lapke) aurka 22-21 galduz jubenil mailako 4 t'erdiko finalaurrekoan. 'Txisparekin' ikusten nintzen, tantoak amaitzen... Orokorrean, oso ongi. Aurten, pasa den hilabetean erritmoa hartzea kostatu zait, baina partidak jokatu ahala askoz hobeto sentitzen hasi naiz. Nahiz eta hirugarren mailan egon, partidak jokatu eta irabazi behar dira. Aurkari guztiak gogorrak dira, seniorretan txantxa gutxi dago.
HELBURUA«Hobetzea eta 'txisparekin' segitzea, baina partidaz partida gauzak lortzen joatea»ABANCA-DV TXAPELKETA«Debuta Motorekin batera sekulakoa izan zen. Lagunek irabazteko indarra eman zidaten»PILOTAREN EGOERA«Esku pilota kirol minoritarioa bihurtzen hasi da pixkanaka Eibarren; bultzada bat falta da»
– Aurreko denboraldian Udaberri Txapelketa irabazi zenuen Aguirresaroberekin batera. Ondo moldatzen al zara atzelariarekin?
– Bai, oso. Frontoian ordu asko igarotzen ditugu batera. Uste dut klubean Aguirresarobek eta nik bikoterik hoberena osatzen dugula. Aurten, arratsaldetan ikasten nabil, baina aurreko bi urtetan asteguneko egun guztietan, berarekin entrenatzen nuen bi orduz, baita lau ere, biok batera txikiei irakasten. Nire anai nagusia bezalakoa da. Oso harreman ona daukagu eta askotan aholkuak ematen dizkit hobetzeko. Hala ere, eskolako pilotarien artean oso giro ona daukagu, kuadrilla moduko bat gara. Iker Narvaizarekin ere oso ongi eramaten naiz, baina bera aurrelaria denez, ezin dugu bikotea osatu, noski.
– Zer helburu dituzu denboraldian?
– Hobetzea eta 'txisparekin' segitzea, baina partidaz partida gauzak lortzen joatea. DV Txapelketako helburua, adibidez, norgehiagokak irabaztea da. Partidaz partidako jomuga da, kanporaketak baitira. Oso zailak dira, txapelketan, oro har, maila oso altua dago, eta bikoteen artean ez dago hainbesteko alderik. Nire helburua azaroko Oiartzungo partida irabaztea da, horrela Soraluzeko final-laurdenetan nire lagun guztiak etor daitezen. Hortaz aparte, afizionatu mailan, Gipuzkoako Binakako Txapelketan finala irabaztea da helburu nagusia. Ondoren, buruz burukoan lehenengo mailan izena emango dut, eta ondo jardutea espero dut. Bertan pilotari helduagoek hartzen dute parte, oso finkatuak daudenak, ea taldekako fasea gainditzen dudan, behintzat, eta hortik aurrera faseak gainditzen ditudan. Azkenik, lau t'erdikoa iristen denean, lehen mailan irabaztea izango litzateke helburua, kaiolan hobeto moldatzen naiz-eta. Uste dut lehen mailan izena ematea izango dela onena konfiantza edota heldutasun puntu hori irabazteko, nire maila hobetzeko.
– Aurreko astean Abanca-DV Txapelketan hasi zinen Motorekin bikotea osatzen. Nolako esperientzia izan zen lehen partida? Moto ezagutzen al zenuen?
– Sekulakoa. Lagunek sorpresa bat egin zidaten. Partida ikustera joango ez zirela esan zidaten, Ipuruara joango zirela Eibar eta Eldenseren arteko norgehiagoka ikustera. Baina, bat-batean bonbo batekin sartu ziren atetik, nire aurpegia zeraman kamisetak jantziz. Dardaraka eta emozio handiarekin egon nintzen ikusi nituenean. Motibazio handiagoarekin sartu nintzen partidara, eta irabazteko indarra eman zidaten. Moto aurkezpen egunean ezagutu nuen eta pare bat egunetan joan naiz berarekin entrenatzera. Oso gustura nago, nahiz eta gure artean bi urteko aldea egon, urte berdinekoak garela ematen du. Oso harreman ona daukagu.
– Nola jaso zenuen txapelketan promesetan parte hartzeko berria?
– Aitor Atxotegi antolatzaileak deitu zidan ea jokatzeko prest egongo nintzen eta txapelketan parte hartzea merezi nuela aitortu zidan, promesetan. Kristoren ilusioa egin zidan gonbidapena jasotzeak.
– Uriarte eta Segurola, zure DV Txapelketako hurrengo aurkariak. Ikasteko denborarik izan al duzu?
– Ez, ez dut haien partidarik ikusi, baina esan didatenez, aurrelaria oso bizia da eta atzelariak oso atzean uzten ditu pilotak. Nobelak gara Moto eta ni, gurea egiten badugu eta aurkariak deseroso jartzen baditugu aukerak izango ditugu partida irabazteko. Soraluzeko kanporaketara iristeak ilusio handia egingo lidake, eibartar ugari etortzeko aukera emango lukeelako. Azken-laurdenetara ailegatzea... Fase horretan arerio gogorrak daude, baina ez dut horretan pentsatu nahi. Lehenik Oiartzuneko partida, eta gero, gerokoak.
– Maila altua erakusteak, akaso, profesionaletako ateak irekitzea ekar dezake...
– Bai, baina gauzak oso ondo egin beharko lirateke eta DV Txapelketa irabaztea oso zaila da. Ongi egongo litzateke, baina ez dut horretan pentsatzen. Bigarren mailako zerbait da, nahiz eta amets bat izan. Lehen esan dizudan bezala, pilotaz disfrutatzea eta gustura egotea da funtsezkoa.
– Zergatik uste duzu ez dagoela Eibarko pilotaririk profesionaletan? Herrian zaletasun handia dago eta enpresa nagusietako bat bertakoa da...
– Eibarren nabari da batez ere futbolean zaletasuna dagoela, eta pilota kirol minoritarioa bihurtzen hasi da pixkanaka. Lehen zenarekin alderatuta, Katedrala eta pilotarekin... Orain ondo samar gabiltza klubean zuzendaritza-batzorde berriarekin, eta ilusio hori nabari da. Astelenara jaisten gara entrenatzera eta haur mordoa aritzen da pilotan. Profesionaletan ere nabari dut momentu onean dagoela, pilotari berriekin; hala nola Laso edo Altuna III. Pilota eskolako haurrei ilusioa pizten zaie pilotariak Astelenan ikusteak, baina Eibarren bultzada bat falta da. Hala ere, pilotaren egoera ez da batere kezkagarria. Telebistan asko ikusten da, eta dirudienez gorantz ari da, behintzat, profesionaletan.