Eñaut Elorrieta: «Iruditzen zait soka boskotea oso formatu osoa dela eta fina aldi berean»

Harian. Soka instrumentuetan bost lagun aritzen dira eta ahotsa Eñaut Elorrietak jartzen du./
Harian. Soka instrumentuetan bost lagun aritzen dira eta ahotsa Eñaut Elorrietak jartzen du.

Coliseo Antzokiak pop-rocketik datozen doinuak eta instrumentu klasikoak jasoko ditu bihar, 'Harian' izeneko ikuskizunean

Félix Morquecho
FÉLIX MORQUECHOEIBAR.

Ken Zazpi taldeak lortutako oihartzunak egin zuen ezagun Eñaut Elorrietaren ahotsa. Orain, abeslari gernikarra pop-rock taldea atzean utzi eta proiektu berrietan sartuta dabil. Azkenak 'Harian' du izena eta bertan Euskadiko Orkestra Sinfonikoko musikariz osatutako boskote batekin igotzen da eszenatokietara. Bertigoak uxatuz, bere kantak Coliseo Antzokian plazaratuko ditu bihar. Aukera ona ere soka boskote bat inoiz entzun ez duten rockeroentzat.

-Zein unetan harrapatzen zaituzte Eibarko emanaldi honek?

-Azaroan hasi ginen kontzertuak ematen, abenduan ere egin genituen, eta egia esan oso puntu onean harrapatzen gaitu. Egia da nik sentitzen dudala hau etengabe prozesuan dagoen proiektua dela, emanaldi bakoitza bakarra izaten da, momentuan interpretatzen ditugu kantuak eta gure artean gero eta konplizitate gehiago daukagu. Horregatik oso puntu onean gaudela uste dut.

-Ondoan izango dituzunak orkestrako profesionalak dira, baina ez dakit zu musika eskolako musikaria zaren edo autodidakta...

-Egia esan, badauzkat musika ikasketat. Bere garaian ikasi nuen gitarra klasikoa, solfeo, armonia eta guzti haiek. Baina egia esan konposatzen eta jotzen dudanean senetik gehiago tira egiten dut. Autodidakta ere izan naiz sorkuntza mailan, eta iruditzen zait sen horretatik gehiago hartzen duen musikaria naizela.

-Orduan, nondik sartu zitzaizun musikari klasikoekin jotzeko gogoa?

-Orain dela bi urte horrelako esperimentazio fase bat ireki nuen. Bakarka kontzertu batzuk eman nituen gitarrarekin, Labeque ahizpekin ere kolaboratu nuen, probatu nituen beste musika batzuk, beste musikarien esperientzia jaso... ikasteko gogoa neukan. Bestaldetik, banuen gogo izugarria nire ahotsean gehiago zentratzeko, kantari bezala hasteko. Ken Zazpi-rekin ere izan genuen orkestra sinfoniko batekin esperientzia bat eta beti deitu izan dit atentzioa soka boskote batek. Iruditzen zait oso formatu osoa dela eta fina aldi berean. Hor ikusi nuen aukera aurretik zabaldutako bide horri espazio berri bat emateko. Horrela izan zen eta egia esan, niretzat oso esperientzia aberasgarria izaten ari da.

-Rock talde batetik datorren musikari batentzat, zaila izan al da orkestako musikariekin elkar uler-tzea?

-Hasieran kosta zitzaidan zer oso lenguaia ezberdinak erabiltzen ditugu. Gero, egia da Kaabestri-koak oso jende irekia direla eta hasieratik esperimentazio horri ireki zirela, dudarik gabe. Baina bitxia zen, nik azaltzen nien kanta batean zer nahi nuen eta gero beraien artean itzuli egiten zuten nik esaten nuena, nik «parte hau gordinagoa edo suabeagoa nahi dut» esan, eta beraiek «hau Schubert-ago edo Puccini-ago». Oso polita izan da ere bere hizkuntzara gerturatu nauelako. Baina azkenean denak gara musikariak eta musika da denok biltzen gaituen gune bat. Horrek erraza egin du elkar ulertzea.

-Hasieratik esan zenuen 'Harian' proiektu hau zuzenekoetan oinarrituko zela. Arriskuak gustoko?

-Beno, ez daude erreferentzia asko baina entzun izan ditut soka boskotearekin egindako diskoak, Elvis Costello-ren 'Juliet letters' dago edo Silvia Pérez Cruz-ek atera zuena. Iruditzen zait horrelako formatoak asko irabazten duela ikustean, disko bat entzutea oso atsegina izan arren ikustearen konponente hori oso potentea dela horrelako formato batean. Hasieratik izan nuen garbi zuzeneko bat nahi nuela. Grabatu ditugu lau kantu proiektua ezagutarazteko eta azaltzeko, baina zuzenean oinarritu nahi nuen. Eta bai, badauka nolabaiteko arrisku bat. Batetik niretzako berria delako, eta bestetik badauzka elemento batzuk niretzat oso interesgarriak eta berriak direnak. Bat da erritmoarena, ni ohituta nago bateriak eta baxuak markatzen duten erritmo zehatz horri, eta hemen sentzazioa flotanteagoa da. Erronka bat izan da askatasun horretan seguru sentitzea eta bertigoa gainditzea. Helburua da guzti horrekin instrumentu bakar bat bezala egitea seirok. Ikasten ari naiz ere bai ahotsarekin jolasten eta ñabardura ezberdinak bilatzeko abagunea ere ematen didala. Bertigo hori gainditzen denean espazio oso interesgarriak aurkitzen dira sorkuntzarako.

-Erraza izan al da kantak aukera-tzea?

-Hori pixkanaka joan gara egiten, lehenengo moldaketen ostean pista batzuk hartzen dituzu. Errepertorio aldetik saiatu naiz nire gaur eguneko argazki bat osatzen. Daude iraganean konposatu ditudan kantu batzuk, aldi berean badaude grabatu ez ditudan kantak eta berriak direnak. Nahi nuen iragana, oraina eta geroa, kantu zahar eta berriekin osatu errepertorioa, eta datorrenak usain dezala gaur egun ni non kokatzen naizen.

-Zer nolako ikuslegoa topatzen ari zara emanaldi hauetan?

-Badago orain arte jarraitu nauen ikuslea, baina iruditzen zait hurbiltzen ari dela jende berria. Hori oso pozgarria da, babestua senti- tzen ari naiz. Proiektu berria da, jendeak bazekien formato ezberdin batean ikusiko ninduela, eta ederra da aldi berean musika klasikoa gehiago entzuten duen jendea nola gerturatzen den herri musikara nire bitartez. Baita topatu naiz nire zale batzuekin kontatu didatenak lehen aldiz entzuten zutela soka boskote bat. Alde horretatik oso interesgarria iruditzen zait, eta somatzen dut publikoak ere eskertzen duela.

Datuak

Harian
Eñaut Elorrieta & Kaabestri string ensemble (Oscar López biolina, Igor Torre biolina, Arkaitz Martínez biola, Jon Larraz txeloa eta Paloma Torrado kontrabaxua).
Noiz. Bihar, ostirala, 20
30ean hasiko da.
Non
Coliseo Antzokian.
Sarrera
12 euro, 8,50 euro Coliseoaren laguna txartelarekin.

-Eszenatoki mota asko zapaldu dituzu. Orain antzokietan sentitzen zara gusturago?

-Oso gune aproposak dira kontzertu bat eskaintzeko. 'Deserriko kantak' lanarekin ere aretoetan oso gustura aritu nintzen eta proiektu honekin nik uste dut oraindik gehiago. Horrelako emanaldiak eskatzen dute leku zaindu bat, jendea lasai eserita egotea, goxo, gertuko giroa sortzea... hori da aproposena horrelako eskaintza bat jendeari helarazteko.

-Eibarren egon zinen Ken Zazpirekin...

-Bai, Ken Zazpi-rekin egon nintzen eta 'Deserriko kantak' ere aurkeztu nuen Coliseoan. Ezagutzen dut eta benetan areto goxoa da.

-Aizu, soka boskotearekin zaudela... Gitarrak eta bateriak faltan botatzen al dituzu?

-Momentu honetan pila disfruta-tzen ari naiz formatu honetan, eta behar nuen distantzia bat hartzea orain arte seguru sentiarazten ninduten elementu horiengandik. Baina aldi berean orain konposatzen ari naiz, disko berri bat prestatzen ari naiz datorren urterako eta seguraski hor ohiko formato batean itzuliko naiz kantu berriekin. Baina seguru nago esperientzia guzti honek arrasto bat utziko duela nigan eta hori ere antzemango dela nire hurrengo sorkuntzetan.

 

Fotos

Vídeos