Deba
Heriotzaz eta doluaz hausnartzeko bi egitasmo berezi ItziarrenMusika, bertsoa eta olerkia uztartuko dituen 'Dolu' ikuskizuna izango da ostiralean Burugorrin
J. L.
deba.
Asteartea, 4 azaroa 2025, 20:30
Itziarko Auzo Udalak heriotzaren eta doluaren gaia lantzeko bi egitasmo berezi antolatu ditu hilabete honetarako, «horren inguruan dagoen ezjakintasuna eta jakin-minak eraginda».
Gaia landu eta ukitzeaz gain, prestatutako ekimenetara bertataratzen direnek bere emozioak plazaratzeko aukera izango dute; «horretarako, elkargune egokia eta samurra eskainiz».
Hasteko, herritarrek 'Dolu' ikuskizunarekin disfrutatu ahalko dute datorren ostiralean (19:00etan) Burugorri gainean. Emanaldi horretan Pello Ramirez musikariak, Aitor Mendiluze bertsolariak eta Andoni Salamero olerkariak hartuko dute parte. «Sentiberatasun eta samurtasuna oinarri hartuz, estetikoki, afektiboki, eta emotiboki dolu gaiaren plazaratzea egingo dute hiru sortzaileek hamaika galera mota aurkeztuz; guztia bertsoez, musikaz zein prosa-poetikoz emanaldia girotuz».
Hilaren 13an, death-kafea
Itziarko Kalebarreneko lokalak «heriotzari buruz, modu irekian, eta inongo helburu edo asmorik gabe, hitz egiteko» Death-kafea hartuko du hilaren 13an, 17:30etik 19:30era bitartean.
Gaian adituak diren Saioa Puebla eta Andoni Salameroren gidaritzapean egingo den saio hori doan da baina «komenigarria da aurrez izena ematea Harrera Bulegoan» (943 199 326 zenbakia).