Borrar
'Z' bere lehen disko luzea argitaratu du Aimarz abeslari zumarragarrak.

Aimarz

Abeslaria

«Genero nahasketa zabala egin dut 'Z' aro berriaren lehen diskoan»

«Lan hau bidaia emozional bat da, entzule bakoitzak bere modura egingo duena», dio Zumarragako artista gazteak

Oihane Calvo Ugarte

Zumarraga

Astelehena, 29 iraila 2025

Comenta

Musikagintzan gero eta sortzaile gehiago dago Euskal Herrian, eta horietako bat Aimarz artista zumarragarra dugu –Aimar Zuriarrain Asurmendi (2005) benetako izenez–. 15 urterekin argitaratu zuen bere lehen abestia, baina 2024an irabazi zuen ospea 'Entzun dezatela' kantarekin. Izan ere, euskarazko biralena bihurtu zen TikToken eta Euskal Herritik haratagoko oihartzuna izan zuen. Arrakasta horren ondotik, Zea Maysen 'Negua joan da ta' abesti ikonikoa berrinterpretatu zuen, jatorrizkoaren esentzia errespetatuz, baina bere ukitua emanez.

Bide horretan aurrera jarraituz, 2025eko lehen seihilekoan hainbat single garrantzitsu plazaratu ditu: 'Ezezezagunak', 'Ozteguna' (Malakias eta Hazas-ekin), eta udako abesti bihurtu den 'udaraurdinbat'. Horiez gain, abuztu amaieran 'Janguea' (Euskoprincess eta OG ekoizlearekin) abestia ere eman zuen argitara. Horiek guztiak kaleratu berri duen bere lehen disko luzearen atariko izan dira, Z aroari hasiera ematen diotenak.

– 'Z' zure lehen disko luzea da. Zer aurkituko dute entzuleek?

– Hamabi abestiz osatutako bidaia bat. Kanta bakoitzak sentimendu jakin batzuk esnarazteko eta askatzeko aukera emango die. Horien estiloari dagokionez, generoen arteko nahasketa zabala topatuko dute, baina soinu argitsu eta bateratzaile batek ematen dio koherentzia lan osoari.

Inspirazioa

«Rosalia, Ralphie Choo eta Judeline bezalako artisten albumek ere asko inspiratu naute»

– Bidaia aipatu duzu. Badago hari narratibo edo emozional bat abestien artean?

– Bai, noski. Diskoko abestiek bikote harreman bat bukatzen denean norberak bizi dituen etapa ezberdinak azaltzen dituzte: hasierako bakardadea, '0 kontaktua' edo kontakturik eza, segurtasun-gabezia... Eta horrekin batera munduan gertatzen diren hainbat gaien inguruko hausnarketak ere badaude. Bukaeran, 'Urte berri bat' izeneko abestiarekin, hasiera berri baten ideia agertzen da. Pertsona bakoitzak bere esperientzia eta ibilbide propioa izango ditu, baina nik nirea partekatu nahi izan dut, jende askok bere burua hor ikusiko duelakoan.

– Zerk inspiratu zaitu disko honen sorkuntzan? Eragin edo erreferenterik izan duzu?

– Lehen aipatu bezala, diskoaren oinarria nire bizipen pertsonalak dira. Hala ere, ekoizpen aldetik, azken lau urteetan entzun dudan musikaren eragina nabaria da; batez ere, K-pop generokoa eta AEBko pop izarrena. Bestalde, Rosalia, Ralphie Choo eta Judeline bezalako artisten albumek ere asko inspiratu naute, bereziki estetika eta ikus-entzunezkoen aldetik.

– Aurreko hilabeteetan jai giroko lau single kaleratu dituzu diskoaren atariko gisa: 'Ezezezagunak', 'Ozteguna', 'udaraurdinbat' eta 'Janguea'. Estilo horretan joango da disko osoa?

– Egia esan, lau abesti horiek diskoaren bigarren zatikoak dira, eta hortaz, islatzen dituzten sentimenduak askoz alaiagoak dira. Izan ere, bikote harreman baten amaieraren ondorengo berreskuratze-prozesuari dagozkio: onarpena, askatasun-sentsazioa edo bizitzaz berriz gozatzeko gogoa. Aitzitik, diskoaren lehen zatia guztiz bestelakoa da, tonu ilunagoa eta goibelagoa baitu, non bakardadea, ziurgabetasuna eta dolu emozionala nagusitzen diren. Horregatik, abesti asko balada formatuan daude, nahiz eta horietako zenbaitetan generoen arteko nahasketa agerikoa den. Beraz, esango nuke diskoak baduela bere soinu propioa, baina aurrerapenak entzunda agian ez da guztiz espero daitekeena.

Izena

«Z letra nire abizenetik (Zuriarrain) dator, baina sortze prozesuan Z-ri beste esanahi batzuk ere ematen hasi nintzen»

–'udaraurdinbat' udako abestia bihurtu da...

–Harrera oso ona izan da, eta ni oso pozik nago. Abesti bakoitzak bere bidea egiten du, eta ikusiko da noraino iristen den. 'udaraurdinbat' uda giroan gozatzeko sortu nuen, baina izenburuak ez du kasualitatez 'urdin' hitza barne. Oro har, urdin kolorea tristurarekin lotzen da, eta iazko uda niretzat garai emozionalki zaila izan zen; une horretan sortu nuen abestia. Aurten, ordea, kolore horri beste esanahi bat eman nahi izan diot: askatasuna, argitasuna, alaitasuna. Azken finean, diskoa bidaia bat da eta entzule bakoitzak bere modura egingo du.

– Kolaborazioak ere badaude diskoan. Zein da bereziena zuretzat?

– Hasieran bi kolaborazio baino ez ziren, baina bidean beste batzuk sortu dira, jendearekin lanean ari nintzela. Oso pozik nago azken emaitzarekin, uste baitut artista bakoitzak bere ikuspegia gehitu diela abestiei, betiere nire estiloa errespetatuz. Kolaborazio guztiek badute berezitasunik, baina bereziki aipagarria da nire arrebarekin egindakoa, niretzat oso berezia baita. Azkenean, familia da beti hor egoten dena, eta batzuetan, ohartu gabe bada ere, begiak irekitzen dizkizuna.

– Z aroaz ari zara. Zergatik 'Z'? Zer esan nahi du zuretzat aro berri honek?

– Diskoaren izena 'Z' da, eta niretzat aro berri bat sortzeko modu bat da –hortik Z aroa–: koloreak, estetika, outfit-ak, kontzertuak... Nolabait prozesua dibertigarriago bihurtzen du. Gainera, Z letra nire abizenetik (Zuriarrain) dator, baina sortze prozesuan Z-ri beste esanahi batzuk ere ematen hasi nintzen: Zumarraga –jaioterria–, Z belaunaldia, Z alfabetoko azken letra (bukaera baten eta hasiera berri baten sinbolo gisa. Horregatik, azken abestiak 'Urte berri bat' izena du).

– Zer espero dezakegu etorkizun hurbilean?

– Diskoa kaleratuta, kontzertuak eskaintzea da nire asmoa. Donostiako Boga Boga festibalean izan naiz, Larrauriko jaietan, Errenteriako Atlantikaldia jaialdian... Urriaren 4an, Portugaleteko Sastraka Gaztetxean izango naiz eta, abenduaren 12an, Gernikan.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Genero nahasketa zabala egin dut 'Z' aro berriaren lehen diskoan»

«Genero nahasketa zabala egin dut 'Z' aro berriaren lehen diskoan»