'Zubiak batuz' euskarari esker
Urretxu eta Zumarragan urriaren 7an ospatuko den Kilometroak jaia gaur aurkeztu dute Donostian
'Zubiak batuz' lelopean ospatuko da urriaren 7an Kilometroak jaia Urretxun eta Zumarragan. Gipuzkoako ikastolen aldeko jaia antolatzeko ardura Urretxu-Zumarraga ikastolak du historian hirugarrenez, 1985ean eta 2002an ere bertan egin zelako.
Bi herriak batzen dituzten zubiek garrantzia berezia dute aurtengo KM jaian. «Leloari men eginez, zubiek batzeko, elkarrengana gerturatzeko eta harremanak sendotzen balio dute», esan dute antolatzaileek Donostiako Koldo Mitxelenan egindako agerraldian.
Urriaren 7ko jaiak 5,9 kilometro luzeko zirkuitua izango du eta Urretxu eta Zumarraga zeharkatzen ditu «erabat irisgarria den ibilbiden». Lau gune izango ditu: ikastola bera, Zumarragako plaza, Etxaburu eta Santa Barbara. Bertan ospatuko dira ekitaldi nagusienak.
Ikastolan emango zaio ofizialki hasiera jaiari 9.30ean. Omenladia ere bertan dagoen Lourdesko Ama elizan izanga da. Aurten, edukigintzan Urretxu-Zumarragako ikastolan aritu ziren irakasleak omenduko dira. Zumarragako plaza ibilbide osoko gune hadiena izango da. Zelai Arizti parkea eta Lizeoa ere hartuko baititu bertan. Bertan arituko da zuzenean Gozategi taldea. Herrigunetik kanpo, Etxaburuko gunea izango da hirugarrena. Gazteei zuzendutakoa. Kontzertuak bertan antolatu dituzte. Patxuko Nice, Willis Drummond eta Eraso arituko dira, besteak beste. Azkenik, Santa Barbaran ere musikak protagonismoa izango du Oso Fan, La Basu eta Hesian taldeekin. Ikastolen arteko Erronka ere ospatuko da aurten. Gipuzkoako 18 ikastoletako gazteak arituko dira igande arratsaldean.
Antolatzaileek garrantzi berezia eman diote garraio publikoen erabilerari KM festara gerturatzeko. Renfek eta Lurraldebusek aldiriko tren eta autobus bereziak eskainiko dituzte.