Baratzeko landaketak planifikatzeko hainbat aholku Igartubeititik
Patata, kalabazina, kalabaza, piperrak, porruak edota tomatea landatzeko garai aproposa omen da
MIRYAM GALILEA
Ezkio-Itsaso
Asteartea, 9 martxoa 2021, 20:14
Martxoa hasi berri dugu eta hilero egiten duten bezala, hilabete honetan ere baratzea eta ingurunea zaintzeko aholkuak eskaintzen dizkigute Igartubeiti Baserri Museotik. Udaberria ate joka dugula, loreak eta kimuak jaiotzen hasiko dira eta uzten planifikazioa egiteko garaia ere hasiko dela azaltzen digute.
Eguna eta gaua berdintzen hasten dira martxoaren erdi aldera. Argitasun honi esker, lurrak eguzki izpi gehiago jasotzen ditu eta honek lurra epeltzen hastea ahalbidetzen du. Honela, inguruan aldaketak izango ditugula gogoratzen digute museotik; loreak eta kimuak jaiotzen hasiko dira eta gure paisaia koloreztatuko dute. Modu berean, usainek eta txorien kantuek ere indar gehiago hartuko dutela diote.
«Lan orduak luzatu zaizkigu eta badugu zeregina. Lehendabizi, neguko azken uztak bilduko ditugu. Udako baratzea landatu baino lehen, uzten planifikazioa egiteko ere garai aproposa da: non jarriko ditugun landare ezberdinak, nola eginen dugun uzten errotazio egokia egiteko...», azaltzen dute baserritik.
Zenbat landare jarriko diren kalkuloa ere egin behar da, hau norberaren beharren eta baratzean dagoen lekuaren arabera egiten delarik. Planifikazio horrek, haziak ugaldu nahi badira, garrantzi handia hartzen du: «barietate ezberdinen artean gutxieneko distantziak mantentzeko, landare kopuru minimo bat endogamian ez erortzeko, barietate originalaren erreprodukzioa bultzatzeko...», azaltzen dute.
Behin planifikazio hau modu egokian eginda dagoela, udako uztari begira dauden egin beharrekoekin hasteko momentua izango da. Lehenik, patata erein dezakegula diote baserritik, baita ere kalabaza, kalabazina, piperrak eta tomateak, berenjena, porruak... nahiz eta agian batzuetan berandu izan daitekeen azken hauentzat. Bestalde, landatu daitezke tipulina, tipula, kukulua eta erremolatxa.
Erremolatxak ura eta giro freskoa atsegin duela diote Igartubeititik. Lurra apur bat epeltzen hasi denez, orain da garaia ereiteko eta bi hilabetetan biltzeko moduan egongo dira. Hala ere, «kontuz ez zahartzearekin ezen, bestela, mamia zakartu egiten baitzaie. Beterraba edo erremolatxa ez da oso zorrotza lurzoruaren mantenugaiekin; horri esker, lehenago beste barazki batzuk landatu diren lurretan jar daiteke. Haatik, oso sentikorra da hotzaren eta izozteen aurrean», aipatzen dute.
Erremolatxa, afrikarra
Igartubeiti Baserri Museoko adituek historian murgildu nahi izan dira hilabete honetan ere eta erremolatxaren inguruko informazio gehiago zabaldu nahi izan digute. Horrela, diotenez, erremolatxak jatorria Ipar Afrikan du; izatez landare basatiak ziren, eta hauen kultiboa C.a.ko II. mendean hasi zen. Apurka bi landare sortu ziren, alde batetik ziazerba, hosto ederrekoa, eta bestetik erremolatxa, sustrai potolo eta mamitsukoa.
Garai batean, erremolatxaren hostoak soilik jaten ziren eta gaur egun jaten duguna, hau da, sustraia, botika gisa erabiltzen zen, hain zuzen hotz eta buruko minarentzako. Dirudienez, erromatarrak hasi ziren sustraia jaten, baina Espainiako eta Frantziako dietan ez zen XV. mendera arte sartu. Eta Alemania eta Ingalaterran aldiz, mende bat beranduago sartu zen. XVIII. mendean zientzialari aleman batek aurkikuntza handia egin zuen: erremolatxatik azukrea lor zitekeen. Eta honela, XIX. mendean hasi zen bide honetatik komertzializazioa.
Hiru erremolatxa talde bereizten dira: bazka erremolatxak, azukre erremolatxak eta baratze erremolatxak. Azken hauek dira gure baratzean ereiten ditugunak. Erremolatxa gorria da ezagunena, baina kolore ugaritako barietateak daude: zuriak, horiak,... Erremolatxa ere kolorea emateko tintagai natural gisa erabili daitekela gogoratzen digute museotik.
Landare usaindunak
Udaberria aldaketaren sinonimo da, eta askotan gure ohiturak moldatzeko garai bezala ikusten dugula diote baserritik. «Baratze batekin hasi nahi badugu, udaberria momentu ona izan daiteke. Batetik, eguraldia hobetzen denez, gogotsuago hartuko dugulako, eta bestetik, usaindunekin esperimentatzen has gaitezkelako. Ez dute lan handiegirik baina zaintza behar dute eta iniziatiba hartzen hasteko modu ona izan daiteke usaindunen baratzetxoa eginez», diote. Hauek martxoan hasi eta apirila bitartean erein daitezke, eta landaketak egin nahi badira maiatzera arte badago eta astia. Kontuz ibili behar da oraindik ere hotzak kalteak egin baititzake. Erein ditzakegunen artean albahaka, kalendula, eneldoa, menda, erromeroa, tomilloa eta kamomila ditugula diote baserritik, besteak beste.