15. edizioa beteko du hilaren 29an Itsason izango den Mendi bizikleta trabesiak
TERE MADINABEITIA
Martes, 11 de agosto 2015, 00:12
Datorren hilaren 29an, Itsasoko San Bartolome jaietako osagaietako bat bihurtu den mendi-bizikleta ibilaldia egingo da aurten ere. Antolatzaileek prest dute dagoeneko ibilbidea eta baita kartela ere. Aurten 15. edizioa beteko du, eta beti bezala, izena ematea proba hasi aurreko tartean egingo da. Parte hartzea dohainekoa da, eta txirrindularien artean sariak zozketatuko dira.
Duela 15 urte hasi ziren mendi bizikleta trabesia antolatzen Itsasoko jaien egitarauaren barruan. Herrian bazen, eta bada, kirol horren zaleen taldetxo bat eta aspaldian zuten Itsason horrelako ibilaldi bat antolatzeko asmoa. Lehenengo edizioa antolatu zuten, eta emaitzarekin pozik, hurrengo urtean ere egitekotan geratu ziren. Horrela, gaur egunera arte. Gaur, Itsasoko herritarren laguntzarekin, bere lekua gordeta du San Bartolome jaietan.
Baditu berezitasunak Itsasoko trabesia honek. Bata, dohainekoa dela, antzeko proba gehienak ez bezala, antolatzaileen borondateari eta gainerako laguntzaileei esker. Gainera, opariak zozketatzen dira txirrindularien artean. Bestalde, izena ematea probaren egunean bertan bakarrik egin daiteke, irteera aurreko tartean. Aurten arratsaldeko 16:30ean aterako da tropela herriko plazatik.
Antolatzaileen esanetan, «abuztua izanik ez da erreza parte hartzaile asko elkartzea, baina orain arteko edizioetan talde polita osatu izan da». Izan omen dira 100 parte hartzailetik gorako urteak, hala ere, «gure helburua ez da trabesia haundi bat egitea, etortzen diren haiek gustora joatea baizik» gaineratu dute antolatzaileek.
Ibilbidea, Itsaso inguruko mendietan zehar egiten da, urtero desberdina. Dena dela, mendiko pista eta bideen egoerak baldintzatzen du ibilbide hori zehaztea, eta azken momentura arte ez dute erabakitzen. Hala ere, 23 kilometro ingurukoa izango da, eta herriko toki esanguratsuenetatik pasako da, Kizkitzatik eta San Lorentzotik, besteak beste. «Ez da oso luzea, baina toki aldapatsua izanik, badu bere zailtasuna» azaldu dute antolatzaileek.