Ezkio-itsasoarrek egun ederra igaro zuten Zestoa eta Zumaia aldean
Yartuk larunbaterako antolatutako irteeran, 54 herritarrek hartu zuten parte
TERE MADINABEITIA
Martes, 14 de julio 2015, 01:18
Egun ederra, zoragarria, igaro zuten larunbatean ezkio-itsasoarrek Yartu kultur elkarteak Udalarekin batera antolatutako irteeran. Zestoa eta Zumaia aldean ibili ziren. Adin askotako 54 herritar elkartu ziren txangorako. Tartean, Baserria Natur Eskola Bizia egitasmoko bost kide ziren.
Goizeko 9:30ean zuten zita jarrita udaletxe ondoan, eta taldeko argazkia atera eta gero, beherala abiatu ziren Zestoa aldera. Lili jauregia bisitatu zuten han, eta Andre Madalenen gidaritza bereziarekin, Igartubeitin bezala antzezpenak egiten baitira museo honetan, duela lau mendeko Gipuzkoa ezagutzeko aukera izan zuten bisitariek. Handik Ekaineberrira joan ziren, eta han, Ekain kobazuloaren erreplikan sartu eta Paleolitoaren garaietarainoko bidaia egin zuten.
Bazkaria etorri zen gero, ederra hau ere, eta bazkalondoan beste bidai bat egin zuten ezkio-itsasoarrek, Zumaian itsasontzia hartu eta kostaldea eta flysch-a itsaso aldetik ikusteko aukera paregabea izan baitzuten.
Iluntza aldera itzuli ziren herrira, egun paregabea igaro eta gero. Eguraldia ere oso ondo portatu zen, ez zuen eta bero handiegirik egin.
Yarturen eskerra
Yartu kultur elkarteak eskerrak eman nahi dizkie irteera honetan parte hartu zuten herritar guztiei, eta bereziki ekintza honen antolakuntzan lagundu duten guztiei.