Ezkio-Itsasoren iragana eta oraina argazkien bitartez ezagutuz
Herriko eta inguruko paisaiaren aldaketak jarri dira agerian Igartubeiti Museoan ekainaren 21era arte ikusgai dagoen erakusketan
TERE MADINABEITIA
Viernes, 22 de mayo 2015, 00:04
Udalerria azken urteetan zenbat eta nola aldatu den ezagutzeko eta ikusteko aukera paregabea eskaintzen du Igartubeiti Baserri Museoak egun hauetan, bertan ikusgai jarri duen argazki erakusketari esker. Lehengo argazkietatik abiatuz, ikuspegi berea erabiliz argazki gehiago egin dira berriki, eta aldaketak ageri agerian jarri dira ikusgai. Museoko interpretazio zentroan egongo dira lehengo eta oraingo irudi horiek, ekainaren 21era arte.
Argazki bilduma honek 'Ezkio-Itsaso eta bere ingurunea. Iragana eta oraina' du izenburutzat, eta Indalecio Ojanguren Arrillagak, 'El fotógrafo Áquila'k XX. mendearen hasieran ateratako irudiak dira bere abiapuntua. Eibartarra zen Ojanguren, 1887an jaio eta 1872an zendua, eta mendizale izateaz gain, argazkilari ospetsua, paisaiaren alorrean nabarmendua.
Bereak dira erakusketa honetan jasotako argazki historiko gehienak, eta Juan San Martin beste argazkilari eibartarraren irudiak ere badira tartean.
Irudi zahar horietatik abiatuz, plano bera erabiliz egin diren gaurko argazkiak, berriz, Legazpiko Ikatza Argazkilari Elkarteko kide eta Igartubeiti museoaren kolaboratzaile den Carlos Mediavilla urretxuarrarenak dira.
Erakusketaren edukia
Argazki erakusketa honekin Urola Garaiko landa inguruneko eta herrietako paisaiak jasan dituen aldaketa handiak utzi nahi dira agerian, IX. mendetik hasi eta gaur egunera arte.
Orduan, IX. mendean sortu ziren nekazarien lehenengo herrixkak, harrizko eliza txiki baten inguruan zurezko etxola multzoez osatutakoak. Gero, 1000. urtea baino lehenxeago sortu ziren lehenengo baserri sakabanatuak. Erdi Aroan, lehen euskal baserriak sortu ziren, XV. mendearen azken urteetan, etxola zaharrak zeuden leku beretan.
Azkenik, XIX. mendetik XXI. mendera bitartean, aldaketa borti-tzak izan dira: baserri asko desagertu dira, eta fabrikak, etxebizitza handiak, urtegiak, harrobiak, elekrizitate hornikuntzak autobideak eta trenbideak eraiki dira.
Denbora honetan guztian paisaia aldatuz joan da. Gaur egun, Ezkio-Itsason inguruneak abiadura handiko trenaren etorrerari egin behar dio aurre, eta hau ere jasota geratu da Igartubeitin ikusgai dagoen erakusketa honetan.