Ehungintzarekin liluratuta
Yartuk, Udalak eta Igartubeitik antolatuta, herriko emakume talde bat lihoarekin eta kotoiarekin ehuntzen ikasten ari da
TERE MADINABEITIA
Jueves, 7 de mayo 2015, 00:09
Garai batean, baserriko emakumeek soinekoak, alkandorak, eskularruak, burukoak, mahai tapizak, paparrak, amantalak eta abar etxean egiten zituzten, baratzean landutako lihoarekin osatutako haria ehunduz.
Emakumeen lana zen prozesu guztia, eta taldeka egiten zuten, auzolanean, baserriz baserri. Ezkio-Itsason aspaldi jabetu ziren lihoak baserri inguruan, eta bereziki emakumeen artean, izan zuen garrantziaz, eta gaur egungo gizarteari trasmititu nahi izan diote, eta balioan jarri. Horrela, Igartubeiti Baserri Museoak bultzatuta, iazko udazkenetik martxan da ¡Lihoaren zikloa¡, eta atzo hasita, ziklo horri lotutako jarduera bat ari da burutzen bertan, ehungintza ikastaroa, hain zuzen ere, Yartu Kultur Elkarteak eta Udalak lagunduta.
Lucía Sánchez Puerto da irakaslea, eta ikasleak, 11 guztira, herriko emakumeak, adin desberdinetakoak, eta ikastarora helburu batekin hurbildu direnak: ehungintzaren oinarriak ezagutzea eta praktikan jar-tzea. Atzoko saioaz gain, datozen astelehenean eta asteazkenean eskainiko dira beste bi, guztira 10 ordu. Amaieran, partaide bakoitzak soinean eramango du jantzita ikastaroan egindako pontxoa.
Lihoa eta kotoia nahastuz
Ikastaroan erabiltzen ari diren ehungailua, bastidore karratua da, nahiko sinplea itxuraz, baina konplexua hariak alde batetik bestera, bata goitik, bestea azpitik, pasatzen hasten direnean. Aurretik, ikasle bakoitzak bere kolore eta hari nahasketa egin du, eta harilkatu egin du, matazak sortuz. Hariak, kolore askotakoak, lihozkoak eta kotoizkoak dira. Udara iristear ari da, eta ikastaroaren helburua udarako jantzi erraz bat egitea da: pontxo bat. Horretarako, bastidorearen tamainako lau pieza karratu egin behar dira, eta amaitutakoan, denak elkartu, kakorratza edo jostorratza arrunta erabiliz. Emaitza, pontxoa, moda modan dagoen osagarria.
Jantzi eta gauza gehiago ere egin daitezke ehungailuak erabiliz. Bastidore karratuez gain, badira triangelu formakoak, borobilak edo errektangularrak ere. Txapelak, poltsak, kuxinak, lepokoak, kortinak, tokillak... eta irakasleak erakusteko ekarri dituen jertseak, txaketak edo tirantedun kamiseak egin daitezke.
Irakasle argentinarra
Argentinakoa da Lucía Sánchez Puerto, Espainiara duela 10 urte iritsi bazen ere. Euskadin, Donostian, orain dela 3 urte jarri zen bizitzen. Buenos Aires hiriburutik gertu dagoen Mones Cazón izeneko herriskakoa da. Ileapaintzaile lanbidez, ehungailu, bastidore, hari eta beste tresna batzuekin endredatu zuen bere burua 80ko hamarkadan, eta denbora gutxian afizio bilakatu zuen ehungintza. Gero, baita lanbide ere.
Eta horretan dihardu Balear irletara iritsi zenetik. Artisautzazko ehungintza zen han bere lanbidea, eta Erdi Aroko azokaz azoka ibili zen tarte luze batean, bere ezagutzaz baliatuz, noizean behin ikastaroak ere eskainiz. Krisiak, ordea, Donostiara ekarri zuen duela hiru urte, eta hemen ere jarraitzen du hain gustoko duen lanbidearekin. Azokatan ibiltzen da bere lanak saltzen. Klaseak ere ematen ditu, Ezkio-Itsasoko ikastaroan bezala. Eta Donostian, Gros auzoko ehun-arte tailerreko kidea da.
Izan ere, artea baita berak egiten duena, eta arropa diseinatu ere bai. Alor honetan ezaguna egiten ari da gainera. Iazko Donostiako Zinema Jaialdian gonbidatu egin zuten beste diseinatzaile batzuekin berak sortutako jantziak desfile batean erakusteko. Goiko argazkian eskuetan duen pashminak arrakasta handia izan zuen.