Haurreskolan matrikula irekita
Hogei plaza ditu guztira Errekabarreneko zerbitzu honek
TERE MADINABEITIA
Sábado, 2 de mayo 2015, 00:29
Astelehenean, hilak 4, irekiko da Ezkio-Itsasoko haurreskolan ikasturte berrirako matrikulazio epea. Zerbitzu hau erabiltzeko interesa dutenek, hilaren 13ra arte izango dute denbora beren umeentzako plaza eskatzeko. Haurrak, 2014 eta 2015 urteetan jaiotakoak izan beharko dira.
Matrikulaldi honetan izena emandako haurrak, irailean, urrian edo azaroan hasi ahal izango dira haurreskolaren zerbitzua erabiltzen. Gerora irekiko dira matrikula epe gehiago: urrian lehenik, abenduan, urtarrilean edo otsailean hasteko; eta datorren urteko urtarrilean berriz, martxoan, apirilean edo maiatzean hasteko.
Hogei plaza
Errekabarrena auzoko 5. zenbakiko etxearen beheko solairuan dago kokatuta Ezkio-Itsasoko Haurreskola. Gaur egun zazpi haur ari dira zerbitzua erabiltzen: Ibai, Lucía, Luka, Zorione, Aiert, Maialen eta Irati. Datorren ikasturtean, ordea, horietako seik eskolarako bidea hartuko dute, eta bat bakarrik, Zorione, geratuko da haurreskolan. Lekua, beraz, badago ume berriak jasotzeko, guztira 20 haurrei zerbitzua emateko ahalmena duelako zentro honek. Hori dela eta, bertan hezitzaile gisa lanean diharduten Maider eta Maitanek gonbitea egiten die 2014an zehar eta aurtengo lehen hilabete hauetan haurrak izan dituzten gurasoei lokaletik pasatzeko, zerbitzua nolakoa den eta bertan zer eskaintzen den ezagutu dezaten.
Informazioa eskatzeko 943723877 telefonora deitu daiteke, edo ezkio.itsaso@haurreskolak.eus helbidera mezu bat bidali.
Aldi berean, gogorazten dute Ezkio-Itsasoko haurreskola ez dela herriko haurrentzat bakarrik, eta kanpokoek ere erabili dezaketela. Orain arte, adibidez, Ormaiztegitik ere ekarri izan dira, eta Ezkio-Itsason lanean ari diren kanpoko guraso batzuek ere erabili ohi dute zerbitzua. Ondoko herrietan bizi eta beste herri batean lan egiten dutenek ere erabiltzen dute, pasoan geratzen zaielako haurreskola hau.
Sukaldea, jangela, logela, jolaserako txokoak, kanpoko patioa... Haur txikiak zaintzeko behar den guztiaz hornituta dago zerbitzu hau. Ordutegia ere nahiko zabala da, eta gurasoen beharretara moldatu daiteke, goizeko 7;30etik arratsaldeko 17:00ak bitartean. Bertan bazkaltzeko aukera ere ematen zaiei txikiei, baina janaria etxetik eraman behar izaten dute. Bazkaltzeko ordua da hezitzaileek umeen autonomia lantzeko erabiltzen duten uneetako bat, hezitzaile diren aldetik txiki horien heziketan ere parte hartzen dutelako, jolasarekin bezala. Jarduera gehiena barruan burutzen baldin bada ere, eguraldi onarekin kanpoko patiora ere irteten dira, eta auzoko parkera ere joaten dira jolasera.Zerbitzua euskera hutsean eskaintzen da.
2004tik Ezkio-Itsason
Ezkio-Itsasoko Haurreskola 20013ko martxotik dago kokatuta Errekabarren auzoko lokal honetan, baina zerbitzua 2004tik ari da eskaintzen herrian.
Lehen haurtzaindegia Itsasoko ostatuko sotoan egon zen kokatuta, baina berehala aldatu zen Santa Lutzi auzoko modulu aurrefabrikatuetara. Han handitze lanak egin ziren 2008an, baina beharrak bultzatuta, lokal handiagoa eta erosogoa egokitu zuten Errekabarren auzoan.