Prest dago Ezkioko jaietarako egitaraua
San Migelak maiatzaren 8an, 9an eta 10ean ospatuko dira aurten
TERE MADINABEITIA
Viernes, 1 de mayo 2015, 00:10
Datorren asteburuan, maiatzaren 8an, 9an eta 10ean ospatuko dira aurten Ezkioko San Migel jaiak. Antolatzaileek programa prest dute dagoeneko, eta ezkiotarrak gertu daude jai giroan murgiltzeko. Jaiak ostiralean hasiko dira, San Migel egunean bertan, eguerdiko 12:00etan auzoko elizan ospatuko den meza nagusiarekin.
Arratsaldean izango dute jarraipena, 19:00etarako iragarrita dagoen pintxopote eta frontenis express txapelketarekin. Eguerdi eta arratsalde partean Oria trikitilariak ibiliko dira auzoan giroa jartzen eta gauean, berriz, Urretxuko Dj Jondi eta R-Kanuto (komando Ttutpa) arduratuko dira musikaz eta dantzaz. Tartean musean jokatzeko aukera ere izango da, 21:00etan hasiko da auzoko txapelketa.
Hurrengo egunean, larunbatean, txangoa egingo da Izazpira goizeko 10:30etan abiatuta eta Lizarretan pintxoa janez. Ibilaldia adin guztietako jendearentzat dago prestatuta, baina arratsaldea haurrentzat izango da bereziki: 17:00etan hasita, umeentzako puzgarriak, altxorraren bila jokua eta ekintza gehiago izango dira, eta iluntzeko 19:00etan txokolatada. Iluntzean, 21:00etan, herri afaria hasiko da, kantuz alaituko den afaria, hain zuzen ere. Amaitutakoan, dantzaldia hasiko da, Elorza trikitilariekin.
Igandera igaroz, goizeko 11:00 etan meza nagusia ospatuko da San Migel elizan, eta gero Gabiriko Goruntz dantza taldearen saioa izango da.
Eta goizeko ekitaldiei amaiera emateko, 12:30ean pelota partiduak hasikodira. Arratsaldean herri kirol saioa izango da 18:00etatik aurrera, eta jaiei amaiera emateko, 19:00etan barrikotea eta zozketa egingo dira.
Herri afarirako izen-ematea
Datorren larunbatean, hilak 9, ospatuko den herri-afaria dela eta, antolatzaileek eskatu nahi die herritarrei aurreko ostegunerako eman dezatela izena.