Yartuk antolatutako bertso-afaria egingo da gaur Argindegi ostatuan
Bihar, 'Txintxarra eta iñurritxoa' antzerkia izango da arratsaldeko 17:00etan udaletxean
T. MADINABEITIA
Viernes, 24 de abril 2015, 00:15
Yartu Kultur Elkarteak antolatuta, bertso-afaria izango da gaur Ezkioko Argindegi Ostatuan, iluntzeko 21:00etan, Asier Sasieta eta Gorka Azkarate bertsolariekin. Eguraldi txarra zela eta, Santa Ageda bezperako irteera bertan behera utzi egin behar izan zen otsailean Ezkio-Itsason, eta bertso-afari hau ekintza haren ordezko gisa antolatu du Yartuk. Jende ugarik erosi du txartela, eta giroa ziurtatuta dago.
Bestalde, gaur da azkeneko eguna Yartuk antolatu duen ehungintza ikastaroan izena emateko. Ikastaro honetako irakaslea Lucía Sánchez Prieto izango da, eta ikastaroak 10 orduko iraupena izango du. Klaseak Igartubeitin eskainiko dira, maiatzaren 8, 11 eta 13an, arratsaldeko 16:30etik 19:15era. Dohainik izango da, eta interesa dutenek, udaletxean eman beharko dute izena, lehen esan bezala, gaur beranduenez.
Bihar, berriz, antzerkia izango da, Yartuk, Udalak eta Ganbara Guraso Elkarteak antolatuta, arratsaldeko 17:00etan udaletxeko beheko aretoan. Konfusion Teatro izeneko taldeak, haur eta helduei zuzendutako 'Txintxarra eta iñurritxoa' lana antzeztuko du. Bukaeran mokadutxoa eskainiko da.