Igartubeitik Ezkio-Itsasoko historia jaso nahi du emakumeen oroitzapenetatik abiatuz
Elkarrizketen bitartez lortutako informazioa katalogatu, artxibatu eta hedatu egingo da
TERE MADINABEITIA
Miércoles, 22 de abril 2015, 00:06
Igartubeitiko Interpretazio Zentroa Ezkio-Itsasoko emakumeen topagune bihurtu zen atzo goizean, herrian aurrera eraman nahi den proiektu baten aurkezpenaren aitzakiarekin. Egitasmo honek 'Urola Garaiko emakumeak landa ingurunean' du izenburutzat, eta eskualdeko historiaren zati bat osatzea du helburu, emakumeen ahozko oroimena abiapuntutzat hartuta. Ondare ez materialaren berreskurapenean aditua den Nerea Aizpuruak, eta Igartubeitiko koordinatzailea den Kizkitza Ugarteburuk gidatu zuten atzoko aurkezpen ekitaldia. Biak izango dira proiektuaren gidariak.
Bideoz grabatutako elkarrizketak izango dira 'Urola Garaiko emakumeak landa ingurunean' egitasmoaren oinarria. Ahozko oroimena berreskuratzea du helburutzat, eta emakumeen ikuspegia izango du ardatz, Ezkio-Itsasokoetatik hasiz. Horrela azaldu zuen Kizkitza Ugarteburuk, dokumentazio eta ikusentzunezko proiektu honen berri ematerakoan: «XX. mendeko lehen erdialdean Ezkio-Itsason jaiotako edo bizi izandako emakumeen ahozko oroimen kolektiboa jaso nahi da, oroimen horren bitartez landa inguruneari lotutako historia osatzeko. Berreskuratu, artxibatu eta hedatu egingo da jasotako informazioa. Horiek dira proiektuaren hiru helburuak».
Beste helburu batzuk
Baina proiektu honek baditu helburu gehiago ere. Aurkezpen ekitaldi honetara bildu ziren emakumeei zuzenduz, hauxe esan zuen Ugarteburuk: "Zuen bitartez ingurunearen bilakaera eta aldaketak ezagutzera eman nahi ditugu, gaur egun landa ingurunean, hau da, baserri giroan, desagertu edo bilakatu diren bizimodu, lanbide eta esperientzien oroimena berreskuratuz».
Emakumeen papera balioan jartzea ere nahi da egitasmo honekin, euskal landa ingurunean ekarpen handia egin dutelako, eta hori agerian ipini behar delako, nolabait eskertu.
Emakumeentzako elkargune eta elkarrizketa puntuak sortzea ere bilatzen da proiektu honekin, eta horiek dinamizatzea. Azkenik, belaunaldi ezberdinen arteko kultur igorpena edo tramisioa sustatu ere egin nahi da, batez ere iragan hurbileko kultura, gaurko umeek ezagutu dezaten, adibidez, beren amonen garaiak nolakoak ziren eta baserri ingurua nolakoa zen.
Horrela, garai hartako giza aldaketa garrantzitsuak bilduko dira proiektu honetan, baina emakumeen ikuspegi eta bizipenen bitartez. Pasarteak, oroitzapenak, herriko kontuak... horiek guztiak izango dira baliagarri, XX. mendearen erdialdeko ikuspegia, bizimodua, izateko modua, harremanak izateko era, elkarrekin bizitzeko modua ezagutzeko.
Eskualdera zabalduz
Esan bezala, banan bana egindako elkarrizketak izango dira egitasmo honen oinarria, eta Ezkio-Itsasotik abiatuko dira galdetegi horiek. Gero, Urola Garaiko beste herrietako emakumeekin jarraitu nahi da.
Eta dagoeneko badira egitasmo honetan parte hartu nahi duten emakume batzuk, atzoko aurkezpenean Igartubeitira inguratu zirenak, alegia. Hauei hainbat datu eskatu zitzaien, beraiekin zuzenean harremanetan jartzeko eta elkarrizketa egiteko hitzordua jartzeko. Nerea Aizpurua arduratuko da horretaz, berak prestatu du eta elkarrizketak egiteko gidoia.
Hainbat gai jorratuko dira galderatan: elkarrizketatuaren baserrian produzitzen zena, etxean egiten ziren eskulanak, etxetik kanpora egindako lanak, baserriaren inguruak... Emakumeak narratzaile bihurtuko dira, eta beraien oroitzapenetatik natur ingurunearekiko eta herriarekiko harremana deskribatuko dute, adibidez, paisaiaren aldaketak nola bizi izan dituzten eta orain nola bizi dituzten azalduz.
Behin elkarrizketak bukatu eta dokumentazio bilketa egin eta gero, katalogatu egingo da jasotako informazio guztia, behar bezala artxibatu ondoren eta, amaitzeko, hedatu egingo da.