Kepa Larrea, Urri Urizar, Meritzel Albisua, Iñigo Gandiaga eta Ibon Calvo. OLIDEN

Aretxabaleta

Mundukideko Lasterketa Solidarioak hamar urte beteko ditu urriaren 19an

Urkuluko urtegiaren inguruan korrituko den lasterketan izen emateko epea aurrez eta egunean bertan egin daiteke Otalora jauregi ondoan

Kepa Oliden

Aretxabaleta

Martes, 16 de septiembre 2025, 20:33

Mundukideko Lasterketa Solidarioak (MLS) hamar urte beteko ditu urriaren 19an, ohi bezala Urkuluko urtegiaren inguruan. Hamarkada bat igaro da lehen ediziotik, eta MLS solidarioa erreferente bihurtu da kooperatiben eta herritarren arteko elkargune gisa, elkartasuna, talde-lana eta konpromiso globala bezalako balioak sustatuz.

Publicidad

Izen ematea zabalik da, bai aurrez mundukide.org web gunean eta baita ere lasterketa egunean, Urkulun, Otalora jauregiko aparkalekuan 9.00etatik 10.30etara bitartean. Nagusiek 10 euro ordainduko dute eta ikasleek 5 euro.

Urkuluko kirol modalitateetan parte hartzerik ez duenak, dortsal solidarioa eskuratu dezake mundukide.org edo 00989 BIZUM zenbakian.

Lasterketan parte hartzeko modalitateak lau izango dira guztira. 'X3 talde lasterketan' kooperatiba bakoitzeko hiru pertsonako taldeek korrituko dute 11:00etan abiatuta; oinezko eta martxa nordikoaren modalitateak publiko ororentzat zabalik daude eta 10:30ean abiatuko dira, eta azkenik haur eta gaztetxoen lasterketa, adin tarteen arabera banatuta eta 10:00etan hasita.

Parte hartzeak gora egin du azken bederatzi urteotan. Iazko edizioan 46 taldek eta 116 oinezkok korritu zuten. 5 nordik eta 28 haur gehituta, 287 parte hartzaile abiatu ziren irteeratik.

Kirola baino gehiago

Mundukideren hitzetan lasteketa solidarioan parte hartzea «ez da soilik kirola egitea». Pauso bakoitzak benetako aldaketa eragiten du: «elkartasuna sustatzen du, lankidetza-proiektu errealak lagunduz; eragin zuzena du milaka pertsonaren bizitzetan, eta etorkizuna eraikitzen duten urratsak dira, konpromisoa berdina partekatzen dugun ehunka pertsonarekin batera».

Aurtengoan antolatzaileek Palestinako herriarekin elkartasuna adierazi nahi izan dute, eta balioan jarri «bertan dauden ONGD-en lana. Ur, elikagai, sendagai eta aterpea eskaintzen baitiete gehien behar dutenei». ONGD hauen jarduna «gizatasunaren zubia da, eta guretzat inspirazio-iturri, lankidetzaren garrantzia gogorarazten diguna».

Publicidad

Kooperatiba laguntzaileak

Mundukidek eskerrak eman dizkie urtero MLS a antolatzen laguntzen dioten kooperatibei eta aurten hain zuzen: Athlon, Ikerlan eta ULMA taldeari.

Athloneko kide Kepa Larrearen hitzetan «azken urtetan munduan gertatzen ari diren gatazkak ikusita, pozgarria iruditzen zaigu gure inguruan Mundukide erakundea izatea, kooperatibismoak dituen zutabe, idealak eta ereduak elkartasunean oinarritzen diren bezala, Mundukidek ere halaxe dihardu. MLS ekintzarekin, elkartasuna adierazi nahi zaio erakundeari, modu alai, partehartzailean eta jarduera fisikoaren bitartez bideratuz. Horregatik, deialdia kooperatiba guztiei, parte hartu urriak 19 an. Lortu dezagun errekor berri bat, partehartzearen errekorra, Mundukidek merezi du eta»

Iñigo Gandiaga Ikerlaneko Kontseilu Sozialeko lehendakariaren esanetan Ikerlanen «uste osoa dugu elkartasunak eta lankidetzak mundua eraldatzeko gaitasuna dutela. Mundukide Lasterketa Solidarioa ez da soilik kirol ekitaldi bat; balio kooperatiboak praktikan jartzeko aukera polit bat da. Aurten ere Urkulun elkartuko gara, taldekideekin giro apartaz gozatu eta pauso bakoitzarekin aldaketa eragiteko».

Publicidad

Azkenik Ibon Calvo ULMA Taldeko Kontseilu Erretorreko lehendakariak azpimarratu du Mundukidek azken 25 urte hauetan egin duen lana.

«Ibilbide luze eta oparo honetan, ULMA Taldea bidelagun izan da eta izaten jarraitu nahi dugu. Aurten gainera, MLSko antolakuntzan parte hartzeko aukera izango dugu. Hau baliatuz, ULMA Taldearen izenean gure lankide, komunitate eta gizarte zabalari hurrengo urriak 19an egingo dugun MLSan parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi diot. Pertsona askoren keinu txikiek gauza garrantzitsuak lortu bait ditzakete».

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad