Haritz Casabal nagusitu zen Bertsolari Gazteen Txapelketan
Bikote Gazteen Dantzakoan, berriz, azpeitiarrak garaile. Euskal Astearen barne ostiralean bi txapelketa lehiatu ziren eta gaur Euskal Jai eguna dugu
JUAN MARI ZUBIAURRE
Domingo, 9 de septiembre 2012, 13:43
Txapelketak Euskal Astearen egitarauan sarri bilatzen ditugu. Joan den ostiralean bi lehiatzen ziren. Bertsolari Gazteen XXXVI. Txapelketa Zinema pilotalekuan eta aurrez Lege Zaharren enparantzan Bikote Gazteen Dantza Txapelketa.
Gazteak izan genituen beraz protagonistak Euskal Asteko azken txapelketetan. Bertsolari Gazteenak izan handia du. Bertan izan ditugu ondoren bertsolari ezagunak izan diren izen handiak. Aurrez kanporaketa egina zen abuztuaren amaieran bi bertso afarirekin eta 16 bertsolaritatik 6 hautatu zituen epaimahaiak, Unai Gaztelumendi, Beñat Iguaran, Manu Goiogana, Haritz Casabal eta bi herritarrak, Oier Aizpurua eta Aitor Urbieta.
Felix Zubia izan zen gai jartzaile eta aurkezle eta bertsolari guztiak euren lanak burutu zituztenean heldu zen edizio honetako irabazlea ezagutzeko unea. Lehendabizi emanaldian entzundako bertso onenari saria eman zitzaion eta hau Haritz Casabalentzat izan zen. Ondoren bigarren sailkatuaren izena plazaratu zen, Unai Gaztelumendi. Azkenik irabazlea nor zen ezagutu aurretik Nikolas Zendoia igo zen oholtzara txapeldun berriari saria ematera. Berriro Haritz Casabal entzun zuten ikusleak Felixen ahotik eta Antxokoa pozik zutitu zen gaueko bere bigarren saria jasotzera.
Nikolas berak jantzi zion txapela eta Pasai Antxoko 23 urteko gazteak eskerrak eman ondoren bere azken bertsoan ikusleen artean zegoen norbaiti eskaini zion txapela. Zendoiak esan bezala batel jaso du txapela baino sei txapeldun zeuden oholtza gainean. Aipagarria noski gure bi zarauztarren lana, etxean herritarren artean etorkizuneko bertsolariak direla erakutsi baitzuten.
Basarri Saria
Bertso txapelketako sari banaketa egin aurretik XXVIII. Basarri Sariaren bi irabazleei saria emateko unea heldu zen. Bertso paper lehiaketa honek ere garrantzia du honelako txapelketetan eta aurten irabazle Ane Labaka izan da. Bertan egoterik ez zuen izan baina bere ordez saria jasotzera etorri ziren. Bigarren sailkatua, Aitor Albistur, bertan egon zen eta bere lanaren 'Abuelita' izenburua zeramanaren pare bat bertso kantatzera ausartu zen.
Bikote Gazteak
Arratsalde partean Lege Zaharren enparantzan Bikote Gazteen Dantza Txapelketa izan zen. Denera 17 bikote izan genituen lehian eta horietatik 12 Azpeititik etorriak. Jende ugari elkartu zen dantzari gazte hauen lana ikustera eta amaieran ezagutu genituen garaileak. Azpeitiko Asier Irigoien eta Garazi Gurrutxaga izan ziren, 120 euro, txapela, zapia eta garaikurra eskuratuz. Bigarren tokian geratu ziren Joritz Galarraga eta Lore Olaizola 100 euroko sariarekin eta hirugarren Mikel Subiñas eta Miren Ibarzabal 80 euroko sariarekin.
Tradizioa jarraituz janzkera egokienari ere saria eman zitzaion eta Julen Rodrigez (Alegi) eta Maddi Otegi (Billabona) izan ziren sarituak.
Gaur Euskal Jaia
Euskal Asteari amaiera emateko, irailak 9a dugunez, gaur Euskal jaia ospatuko dugu gure herrian. Goiz eresiak esnatuko gaitu eta Goiztarrak 8:00etan aterako dira antzinako ohitura berreskuratuz, goizean kalez kale ibiliko dira garai hartako pertsonaiak irudikatuz. Herri meza Frantziskotarren elizan izango da 10:30ean eta Schola Cantorum abesbatzak abestua. Ondoren Goiztarrak Frontoi Txikira joan eta pilota partidak, herri kirolak eta bertsolariak izango dira bertan.
11:30ean Alprojako kideak aterako dira herriko hainbat kale zeharkatu eta Munoara heltzeko. Han antzeztuko dute '2012 Munduaren amaiera' daraman antzezlana. Karrozak 12:30ean parrokiatik aterako dira Lege Zaharren enparantzara joateko.
Dantzarako gogoa dutenak aitzakiarik ez, Musika Plazan eta Lege Zaharren enparantzan erromeria izango baita trikitilariekin. 14:00etan Lizarrako Larrain dantza herrikoia dultzaineroekin Musika Plazan eta arratsaldean erromeria Iñurritzara 17:30ean joan eta 20:30ean itzuli. Gauean erromeria trikitilariekin Musika Plazan.