Bertso saioak egoitzetako adinekoen bizi kalitatea hobetzeko

2015eko argazkian, Joxe Luis Gorrotxategi eta Maider Arregi Bergarako Mizpirualde egoitzan. /MORQUECHO
2015eko argazkian, Joxe Luis Gorrotxategi eta Maider Arregi Bergarako Mizpirualde egoitzan. / MORQUECHO

Laugarren ediziora iritsi den 'Adin adin' egitasmoa ostiral honetan hasiko da Lazkaon, eta beste 13 herritara zabalduko da ondoren

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Lankuren arteko 'Adin adin' egitasmoak laugarren urtez izango du segida, bere helburuari eutsita, alegia, bertsoaren bidez adineko pertsonen gaitasuna sustatzea, egoitzetan bizi diren adinekoen bizi kalitatea hobetuz eta gaitasun psikoemozionalak landuz.

Hala, aurten 14 saio egingo dira azaroaren amaiera arte lurralde osoko hainbat herritan. Lehenengoa ostiral honetan, urriak 6, egingo da Lazkaoko Txindoki egoitzan. Aurten, gainera, beste hiru egoitza gehitu dira 'Adin adin'-era: Segurako San Juan egoitza, Zestoako San Juan egoitza eta Usurbilgo Puntapax eguneko zentroa, hurrenez hurren. Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak adierazi duenez, orain arte egindako bideak erakutsi du ekimenaren arrakastaren "gakoa" adinekoen "parte-hartzea bultzatzean" datzala, batetik eta beraien arteko harremana "hobetzean" bestetik. Egoitza bakoitzera bi bertsolari joaten dira, ahal bada eskualdekoak, ezagutzagatik, bi belaunaldi ezberdinetakoak eta gizonezko eta emakumezko bat izatea ere ahalbidetzen da.

Memoria lantzeko egokia

Gipuzkoako Foru Aldundiak ohar baten bidez adierazi duenez, "proiektu honen bidez, euskal kulturaren adierazpide nagusienetakoa den bertsolaritza zahar etxeetara iritsarazi da, ahozkotasunak duen potentzial osoarekin, terapeutikoki zein ludikoki". Horren harira, diputatuak nabarmendu du bertsoak adineko pertsonengan duen eragin positiboa: "Bertsoa bitarteko bihurtzen da adineko pertsonek euren memoria landu dezaten. Beraien bizipenak, oroitzapenak gogoratzen dituzte eta zaila da motibazio hori beste modu batera lortzea, emozioetara iristen den tresna baita bertsoa". Eta gaineratu du 'Adin-adin' proiektuak kutsu zientifikorik ez badu ere, "interesgarria" litzatekeela jakitea horrelako ekintza batek "zein onura terapeutiko" dituen. Ildo horretan, adineko pertsonen bizi kalitatea hobetzeko konpromisoa berretsi du diputatuak, ikuspegi "integral" batekin.

Metodologia bereziarekin lantzen dira bertso saio hauek. Aurrez zahar etxeetako dinamizatzaile eta animatzaileek lanketa berezi bat egiten dute bertso zahar eta kantu herrikoien inguruan egoiliarrekin, horrela bertsolariak doazenerako parte-hartzea aktibatzeko. Programa honen berritasunaz mintzo, Ander Zapiain Mendekotasun arreta zerbitzuko zuzendariak bertsoa.eus-en eginiko bideo elkarrizketan dioenez, "zaharren egoitzetan egiten dugun lana, tamalez, oso asistentzialista da. Heriotzaren zain dauden pertsonen azken urteak dira. Bertsoa, berriz, jaiarekin lotzen dugu. Eta esan genuen, zer arraio! eta zergatik ez probatu?'. Horrela, azken hiru urteotako balorazio positiboak ikusita, aurten ere bertsolariek prestaketa lana egin dute, kantu zaharrak eta istorio zaharrak landuta, adinekoak saioan bete betean sartu daitezen".

Elkarrizketa berean, 'Adin adin' egitasmoan parte hartuko duen Sebastian Lizasok dio nolakoa den zaharren egoitzako saio bat: "Zaharren egoitzara zoazenean, zain egoten dira. Bakoitzak gogoratzen dizkizu 'ni halakotan egonda nago, eta Basarri entzun nuen bertsotan, zure aitarekin beste batean...' Ikusi hutsarekin garai bateko oroitzapen asko etortzen zaie burura. Bertsotan hasi aurretik, eurekin egiten dugu behar den denbora euren bizipenak jasotzen eta gero elkarren informazioa ongi ematen digute: 'honek tranpa egiten du musean, beste horrek txikiteoan irteten du...' Kantuan hasi orduko jabetzen zara noiz barre egiten duten, noiz begiak ixten zaizkien... eta oso esker onekoak dira".

Bertso saioen egutegia honakoa da:

Lazkao. Urriak 6. Txindoki egoitza. 17:00 German Urteaga eta Iñaki Murua.

Tolosa. Urriak 18. Uzturre egoitza. 17:00 Oihana Iguaran eta Xebastian Lizaso.

Azkoitia. Urriak 19. San Jose egoitza. 16:30. Eneritz Artetxe eta Xebastian Lizaso

Bergara. Urriak 26. Mizpirualde egoitza. 17:00. Maider Arregi eta Jexux Mari Irazu.

Beasain. Urriak 27. Arangoiti egoitza. 17:00 Iñaki Murua eta German Urteaga.

Donostia. Azaroak 6. Zorroaga egoitza. 17:30 Ane Labaka eta Andoni Egaña..

Tolosa. Azaroak 7. Yurreamendi egoitza. 16:30. Amaia Agirre eta Anjel Mari Peñagarikano.

Arrasate. Azaroak 9. Iturbide egoitza. 17:00 Jexux Mari Irazu eta Maider Arregi.

Azpeitia. Azaroak 10. San Martin egoitza. 17:00. Juan Joxe Eizmendi 'Loidisaletxe' eta Beñat Lizaso

Oiartzun. Azaroak 17. Petra Lekuona egoitza. Goizez. 11:00. Exteban Martiarena eta Jon Martin.

Errenteria. Azaroak 21. Jesusen Bihotza egoitza. 17:00. Alaia Martin eta Andoni Egaña.

Usurbil. Azaroak 22. Puntapax eguneko zentroa. 10:30. Anjel Mari Peñagarikano eta Ane Labaka

Zestoa. Azaroak 24. San Juan egoitza. 11:00. Eneritz Artetxe eta Xebastian Lizaso

Segura. Azaroak 27. San Juan egoitza. 17:00. Maialen Akizu eta Andoni Egaña.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos