Borrar
Finaleko zortzi bertsolariak lanari ekiteko prest. Urdinez, pentsakor, azkenean txapela jantziko zuen Julio Soto.

Truku eta aztikeriarik gabeko 'magia'

Oporren bueltarako utzi du Nafarroako Bertsozale Elkarteak 42. Txapelketaren balorazioa, baina azkeneko edizioa eta, batez ere, Elizondoko finala, askoren gogoan gelditu dira

n. azurmendi

Martes, 7 de abril 2015, 09:36

"Magikoa izan da", esan zuen martxoaren 28an irratian irabazlearen txapela janztea zer den badakien eskarmentu handiko bertsolari batek, Elizondon jokatu zen 42. Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finala amaitu berritan.

Julio Soto txapeldunaren erakusaldia; Xabier Terrerosekin egin zuen buruz burukoa; oholtzara igo ziren zortzi bertsolarien batezbesteko maila ederra; saioaren martxa emozionantea; bertsolarien eta bertsozaleen arteko konplizitatea... Zaila pegak jartzea. Askorentzat izan bazen "magikoa", magia horren atzean ez dago ez trukurik, ez aztikeriarik, "pausorik pauso egindako bidearen" fruitua baizik.

Nafarroako Bertsozale Elkarteko Lorea Arburuaren hitzak dira. Elkarteak ez du oraindik Txapelketaren balorazio ofizialik egin. Nolako lanak izan dituzten kontuan hartuta, deskantsatu eta oporren bueltan egingo dute. Hala ere "mintzatu ginen larunbatean bertan gure artean eta jendea oso kontent zegoen", dio Arburuak. Hain zuzen ere, "hasieratik geunden oso kontent txapelketa ematen ari zenarekin. Lehenengo fasetik ikusi dugu bazebilela, ari zela zerbait mugitzen. Inoizko bertsolari kopuru handiena izan dugu, eta hori inportantea zen guretzat. Baina, horrez gain eta txapelketak dituen gorabeberak tarteko, saoiak oro har ondo atera dira, txukunak izan dira, duinak".

Hori gauza askoren adierazle da: "Bertsolariek bertsotarako gogo handia zuten; mailak gero eta orekatuago daude eta gero eta altuagoa da gure bertsolarien maila. Izan ere, gero eta gareastiagoa da fase batetik besterako pasea". Beste berri pozgarri batzuk ere ekarri dizkie aurtengo txapelketak Nafarroako bertsozaleei: "Herri desberdinetara jo dugu eta denetan izan dute bertsozaleek gozatzeko aukera. Hain bertsozaleak eta hain euskaldunak ez direi herriei ere eman diegu guretik pixka bat, eta erantzuna oso ona izan da. Bigarren fasean ere beste horrenbeste gertatu da; erantzuna bikaina izan da eta maila handiko bertsoaldiak entzun ahal izan ditugu".

Finalak, beraz, "azkeneko puntua jarri dio ibilbide horri, azkeneko bultzadatxoa eman dio, eta finaletik ere oso-oso gustura atera ginen. Taula gainean zeuden zortziek maila handiko saioa eskaini zuten, eta oso konexio ona izan zen bertsolari eta bertsozaleen artean. Nik uste dut final bat horrela ateratzeak gerora aunitz ekarriko digula. Gainera, oso inportantea da sentsazio onekin geratzea eta ikustea pixkanaka-pixkanaka ari garela, jendea gero eta gehiago hurbiltzen dela gure saioetara eta bertsolariak ere ari direla mailaz igotzen".

Pausorik pauso

Era askotara azaldu daitezkeen datu objektibo eta sentsazio on horien bertsio laburrena "heldutasuna" hi tza izan daiteke, eta horren guztiaren atzean dagoenarena, berriz, "lana". "Finean, pausorik pauso egin den bideak ekarri gaitu hona; duela 25 urteko txapelketak eta gaurkoak ez dute zerikusirik", dio Arburuak.

Eta lehen aldiz 1936an antolatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketaren iragana ez da nolanahikoa, harro egoteko modukoa baizik. Besteak beste, Migel Arozamena, Mixel Aire, Txomin Ezponda, Ernest Alkhat edota Manolo Arozena ditu irabazleen zerrendan. Arozenaren alaba Estitxurekin, 1995ean, joera inauguratu zuen Nafarroak: oso gaztea eta emakumea zen bertsolari batek jantzi zuen txapela. Hurrengo urteetan Jexux Arzallus eta Bittor Elizagoien "beteranoak" txapel bana janztera iritsi baziren ere, berrikuntzaren bidea hartua zeukan Nafarroako Txapelketak milurte aldaketarako. Bigarren aldiz familia bereko bi belaunaldi lotuz, Amets Arzallusek jantzi zituen mende berriko lehen lau txapelak, eta Xabier Silveiraren "agintealdia" hasi zen orduan (zazpi txapel ditu guztira Silveirak). Julio Zelaietak behin zulatu du; aurtengoarekin hiru txapel dituen Sotok, bitan.

Joan den larunbatean oholtzan koadrila bereko lagunak ziruditen bertsolariak ikustea ere ez da kasualitatea, ezta denen kurrikuluna errepasatuta guztiak bateratzen dituen elementu bat aurkitzea ere; bertso eskola alegia. Zeren eta, Lorea Arburuk adierazi duen moduan, "guk puntan ditugun bertsolarien belaunaldi hau da bertsoa hasieran eskola orduetan ikasten ari zena, gero bertso eskolan ibilitakoa... Orain dela 25 urteko bertsolari gehienak bertsolari naturalak ziren, bertsoa eta euskara egunerokoak ziren eremu euskaldunetakoak. Oraingoek, eta oraingoen prestakuntzak, ez dute haiekin zerikusirik. Urtean zehar bertsoa lantzeko duten dinamika ere diferentea da. Eta hori guztia nabaritu egiten da". Lana da alegia, ez dago trukurik.

Baina bertso eskola ez da bertsolariak egiteko eskola, are gutxiago txapeldunak egiteko tokia, are gutxiago Nafarroan. "Bertso eskola bereziki inportantea da eremu ez horren euskaldun edo ez horren euskaltzaleetan. Deus ez zegoen tokietara iristea oso zaila egiten zaigu, baina lortzen ari gara, eta Iruñerrian, esate baterako, asko aldatu dira gauzak azken bospasei urteetan".

Une honetan, 38 bertso eskola daude Nafarroan, guztira 250 ikasle dituztenak, heldu, gazte eta gaztetxo. "Guretzat zifra ikaragarria da azkeneko urteekin konparatuta", aitortu du Arburuak. Gehienak eremu euskaldunenetan eta euskaltzaleenetan daude, Iruñerrian ere indar handia hartu dutela. Hegoaldekoenak Lizarrakoak dira: "Hiru daude. Helduenean 14 lagun dabiltza eta gaztetxoenentzakoetan 15 bat guztira". Denak dira inportanteak, baina gazteenak dira erronka nagusia, eta ez bakarrik "gazteek ekarriko dutelako bertsogintza berria".

Bereziki eremu ez euskaldunean, eskola orduetatik kanpo bertso eskolak dira, izan ere, "ahozkotasuna eta gaitasun komunikatiboak lantzeko eta hobetzeko baliabide ia bakarrak, baita euskal kulturari atxikitzeko modua ere", eta horretara dago nagusiki bideratua haien jarduna. Horrek ez du esan nahi, noski, luze gabe Erriberan jaio, hazi eta hezitako bertsolariren batek ez duenik jantziko Nafarroako Txapela...

Gero eta plaza gehiago

Baina Elizondoko finalean ordena honetantxe sailatu zuren Julio Sotok, Xabier Terrerosek, Eneko Lazkozek, Oskar Estangak, Eneko Fernandezek, Ander Fuentesek, Julen Zelaietak eta Aimar Karrikak, berezko talentuaz eta bertso eskolan ikasitakoaz gain, badute beste zerbait eman zuten maila emateko: plazak, eskarmentua.

Alde horretatik ere onak dira beriak. "Egia da askotan goi-goikoak deitzen dituztela, Egaña, Maialen eta horrelakoak, baina gero eta gehiago dira Nafarroan kantatzen duten bertsolari nafarrak. Urtero 200 saiotik gora egiten dira, eta gu asko ari gara lantzen alor hori, saiatzen gara ahal dela bertsolari nafarrak sartzen. Alde horretatik Txapelketak badu eskaparate funtzio inportantea, eta gero hori saioetara eraman behar da. Herri txikietan, bertso-afarietan eta, gero eta ohikoagoa da saioa hemengo bertsolariekin egitea".

Hori guztia laguntza oso gutxirekin egin behar du Nafarroako Bertsozale Elkarteak, euskalgintza ekonomikoki itolarrian daukan eskuak beraiei ere heldu baitie lepotik. Nafarroako Gobernuarengandik iristen zitzaien laguntza nagusia eskola orduetan bertsogintza lan tzen duen programari zuzentzen zi tzaion. Bertsozale Elkartearentzat aparteko garrantzia duen programa hori, "orain gutxi arte Hezkuntza Sailak babesten zuen, baina 2013an laguntza kendu ziguten eta hori gabe hankamotz geratu ginen".

Hainbat udalek jarraitzen dute Elkartearen jarduna sustengatzen (ez da hori Iruñekoaren kasua) baina, hala eta guztiz ere, "aurrera jarraitzea etengabeko borroka bat da". Indarberritzeko badituzte, zorionez, Elizondokoa bezalako atsedenaldiak.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Truku eta aztikeriarik gabeko 'magia'

Truku eta aztikeriarik gabeko 'magia'