Borrar
Iker Galartza, Sevillan Carmina Barriosekin, hau ere 'Allí abajo' telesaileko aktorea.

Iker Galartza: «Topikoa izango da, baina patxada gehiago dute hemen, Andaluzian»

Aktorea Sevillan dago, 'Allí abajo' telesailerako lanean. Martxoan estreinatuko omen da, baina horren aurretik 'Erdibana' antzezlanean ikusi ahal izango dugu baita ere

FELIX IBARGUTXI

Domingo, 15 de febrero 2015, 17:25

Iker Galartza (Amezketa, 1977) ibilbide luzeko aktorea da. 'Goenkale' eta 'Vaya semanita'-n luzaro jardun izan da, duela gutxi arte 'Zuek hor' telesailean ere bai, eta orain Antena 3-rako ari da lanean, Sevillan, 'Allí abajo' telesaila grabatzen. Euskal Herritik sekula irten ez den euskaldun baten ibilerak kontatzen dira hor. Halako batean Sevillara doa eta guztiz irauliko zaio bizimodua. Protagonista nagusia Jon Plazaola da, eta Galartzak haren lagun minarena egiten du.

-Orain Sevillan zaudete, baina hemen Euskal Herrian ere egin dituzue eszena batzuk.

-Bai, kanpoko irudi batzuk hartu ziren Euskal Herrian, baina ekipo guztia Sevillakoa da. Eta Euskal Herriko tabernako sekuentziak ere hemen Sevillan egiten ari gara.

-Eta zure papera da, oker ez banago, Euskal Herritik Sevillara 'jaisten' den koadrilako kide berritsu batena, ezta?

-Jon Plazaolak egiten duen pertsonaiaren lagun handiena naiz beharbada, baina ez naiz berritsua. Areago, lagun isilena uste dut naizela.

-Azaldu ezazu nolakoa den 'Allí abajo'. Komedia da, noski.

-Bai, komedia oso txukuna, fina... Fotografia eta argikuntza asko zaindutakoa. Gu ohituta gauden baino erritmo lasaiagoan ari gara lanean. Dirua inbertitu dutelako, noski. 'Goenkale'-n eta 'Vaya semanita'-n ohituta geunden tope-topean lan egitera. Hau, berriz, nola ez den bihar emititu behar, patxada gehiago dago.

-Zure papera zer da, oso komikoa?

-Ez. Gainera, telesaio honetan ez dago algara handirik. Pertsonaiek hitz egiten dute, barre egiten dute eta kezkatu egiten dira. Denetik duen telesaila da, eta, oro har, irribarretsu ikusten den horietakoa dela esango nuke.

-Zuretzat lan ona, noski.

-Lan erosoa da. 'Goenkale'-n egin izan ditugu hamasei sekuentzia egun batean; hemen, berriz, bost-sei. Eta gero atsedena. Topikoak direla esan ohi da, baina askotan topikoek badute zerbait egiatik: andaluziarrek patxada gehiagoz jokatzen dute. Hamaiketakoa egiteko gelditzen gara, gero berriz lanera, ondoren bazkaria... Baina hemen ere lana, aizu!

-Aktore batentzat, Euskal Herritik kanpo deitzea beti izango da albiste ona, pentsatzen dut.

-Bai, albiste ona da, baina oraintxe ez nago egoera onenean etxetik urruti ibiltzeko; hirugarren umea izan dugu orain dela hiru hilabete. Besteak bost eta bi urtekoak dira. Batzuek esaten didate: lanik ez zaizu falta! Eta esaten diet: galdetu nire emazteari! Pentsatu izan dut: hau 25 urtekin harrapatu izan banu, Sevillara etorri eta hemen lanean lasai... Baina beno, ezingo gara kexatu, Sevillako egonaldi hau ikasbide moduan hartu dut, lan ezberdina da eta ikasi egingo dut, bai. Baina nire asmoa da Euskal Herrian lan egitea, etxetik gertu. Aste hau laugarrena dut etxetik urruti, eta etsitzea kostatzen ari zait. Datorren astean, berriz ere etortzen naizenean, familia hartuta etorriko naiz.

-Seme-alabak ere bai?

-Bai, hotelekoekin hitz eginda nago eta gela handiagoa ipiniko digute.

-Telesail honetarako zer esan dizuete? Zuen gaztelania 'behartzeko', euskal kutsu gehiago edukitzeko?

-Bai. Gauza batzuetan ez nago oso konforme, baina tira. Nik zer gehiago esajeratu behar dut? Antz ematen zait, ezta? Gu, eskaldunok, Madrilera joaten ginenean-eta, beti disimulatzen ibiltzen ginen, irudi- tzen zaitzaigun andaluziarren hizkera, hori bai zela grazia handikoa... Euskal aktoreok hor ibili gara, hizketan ikasten, gure hizkera disimula-tzen gero era guztietako paperak egin ahal izateko, baita poliziarenak ere. Ezagutu ditut lagunak logopedarengana joan direnak, gero Madrilen lana topatu ahal izateko, eta zeinek esan behar zigun guri egun batean aginduko zigutela garen bezalakoak izateko, edota areago, piska bat esajeratzeko.

-Orain gogoratzen naizela, beti komediak egiten ikusi zaitut, baina pentsatzen dut antzezlan batzuetan paper dramatikoagoak ere izango zenituela.

-Antzerkia egin izan dudanetan, egin ditut komediak, baina baita bestelakoak ere. Tragikomediak ikaragarri gustatzen zaizkit; ez dakizunean mugak non dauden... Inoiz esan izan didate: jo, Galartza, zu sufri-tzen ikusi eta orduan barregura gehiago sentitzen dugu! Egin izan ditut antzezlan benetan ederrak, adibidez 'Hil arte bizi', edo oraintxe Ai-tziber Garmendia eta biok jarduten garen 'Ondoko hilobiko tipoa'. Oso egoera samurrak daude hor, eta egingo genituen honezkero 60 bat emanaldi. Ez zait gustatzen antzerkian txisteak esatera ateratzea. Inportanteena ez da barre eragitea, baizik eta jendea gurekin istorioan sartzea.

-Eta hil honen bukaera aldera Jose Ramon Soroizekin estreinatu behar duzun 'Erdibana' antzezlan hori, zertan da?

-Hor bi anaia gara, berriz elkartzen garenak ama azken egunetan dagoelako. Batak zaindu egin du ama azken urteetan, bestea bere kasa bizi izan da, ardurarik gabe. Ama zaintzen jardun denak nahi du ama hil dadin, hartara berak ere atsedena hartzeko. Familietan gertatzen diren gauzak dira, baina esaten ez direnak. Eta guk umorez esaten ditugu.

-Zu zer zara, eskolaren batean ikasitakoa ala zeure kasako aktorea?

-Ni erabat autodidakta naiz. Gustura egingo nuke ikastaroren bat, besteen lan egiteko modua ikusi, eta paper dramatikoak ere egin, baina ez da momentua. Orain, egiten dudana egitea tokatzen da, hiru ume dauzkat-eta. Etorriko dira beste garai batzuk.

-Pailazo ere bazara, Poxpolo izenekoa. Uste dut duela gutxi berritu egin duzula ikuskizuna.

-Hori afizioa da. Eta ez nabil ni bakarrik. Aldameneko lagunak oso garrantzitsuak dira. Biltzen gara lagun batzuk eta hor ibili gara azken hamasei-hamazazpi urteotan. Astia daukagunean, saiatzen gara sketx eta abestien errepertorioa berritzen, ez nahi adina, hala ere. Umeekin batera gurasoak etortzen zaizkigu ikustera. Hori dena familia da, eta umeak ditugunok badakigu familia zer den. Pailazo bat dagoenean eszenategi gainean, denok gara familia handi bat, goikoak eta behekoak. Hori da areto batean sortu daitekeen komunio handiena. Umeak zain daude pailazoak noiz aterako eta gurasoak ere zain, pailazoak noiz bi egia esango.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Iker Galartza: «Topikoa izango da, baina patxada gehiago dute hemen, Andaluzian»

Iker Galartza: «Topikoa izango da, baina patxada gehiago dute hemen, Andaluzian»