Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
Maialen Lujanbio eta Arregi. Atzean, Perea eta Uria.
Euskal Herriko txapela ere, Maider Arregi oñatiarrarentzat
ESKOLARTEKO BERTSOLARI TXAPELKETA

Euskal Herriko txapela ere, Maider Arregi oñatiarrarentzat

Goizean lehian jardun ziren herrialdeetako bertsolari onenak, eta bazkalostean festa eta erromeria egin zuten Orion

FELIX IBARGUTXI

Domingo, 22 de junio 2014, 00:39

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Maider Arregi Markuletak, Gipuzkoako txapeldunak, Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketan nagusitu zen atzo, Orioko kiroldegian. Hamaika laguneko taldean bera izan zen onena, eta bigarren postuan Aitor Servier azkaindarra gelditu zen. «Lasai eta gustura jardun naiz», esan zuen Arregik saioa bukatutakoan. Despedidako bertsoan, orain dela lau urte hildako kuadrillako lagun bati eskaini zion txapela, Olatz Zabarteri.

ATZOKO BERTSOLARIAK

  • Gipuzkoa.

  • Maider Arregi eta Iñigo Ibañez .

  • Bizkaia.

  • Asier Galarza eta Aitor Bizkarra.

  • Araba.

  • Peru Abarrategi eta Maddalen Arrausi.

  • Nafarroa.

  • Mikel Lasarte eta Maddalen Lopez.

  • Lapurdi.

  • Aitor Servier eta Nahia Sasco.

  • Zuberoa.

  • Ibai Capot.

Hemezortzi urte ditu orain Arregik, eta hauxe izan du Eskolarteko azken txapelketa. «Aurrerantzean, nahi nuke jendaurrean kantatu. Orain arte gutxi egin dut, baina gehiago jardutea espero dut», esan zuen saioa amaitu eta gero. Oñatiko bertso-eskolan aritu izan da ikasten eta batik bat Iñaki Olalde izan du irakasle.

Aitor Servier, berriz, gaztexeagoa da. Hamazazpi urteko mutila izanik, datorren urteran ere izango du lehiatzeko aukera. «Bai, aurkeztuko naiz», esan zuen atzoko lanak bukatutakoan. Berak, berriz, duela aste pare bat hil zen Aitor Renteria 'Txato' Berriako kazetariari eskaini zion despedidako bertsoa. Baionako bertso-eskolan ari da lapurtar hau, eta Odei Barroso eta Aimar Karrika ditu irakasle.

Txapelketaren 26. aldia izan zen atzokoa. Bertsozale Elkartea eta Ikastolen Elkartea dira antolatzaileak, eta sari ematen bateko eta besteko goi-arduradunak jardun ziren: Iñaki Murua lehendakaria batetik; eta Koldo Tellitu eta Imanol Igeregi bestetik. Bata Ikastolen Elkarteko lehendakaria da, bestea zuzendaria. Orioko Udalaren izenean, berriz, Ekiñe Saizar zinegotzia jardun zen.

Bertsolari batzuk ere azaldu ziren oholtzara sariak ematera. Irabazleari Maialen Lujanbiok ipini zion txapela, eta beste sariak banatzen Patxi Etxeberria oriotar beteranoa -aspalditik Lasarten bizi dena-, Oihane Perea, Nerea Elustondo, Odei Barroso, Aimar Karrika eta Jone Uria aritu ziren.

Sarietako bat, txapeldunari eman ziotena, jaki eta edari ekologikoekin osatutako saria izan zen. Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua babesle jardun baita txapelketa honetan, eta atzoko herri-bazkariko janak eta edanak Kontseilu honek emanak izan ziren. Gregorio Zuaznabarrek eman zion saskia Maider Arregiri.

Hamaika lagun

Atzoko lehiaketako bertsolariak 15-18 urteko 11 gazte izan ziren: herrialde bakoitzeko txapelduna eta txapeldunordea. Arabatik, Peru Abarrategi (1997, Aramaio) eta Maddalen Arrausi (1997, Gasteiz). Bizkaitik, Asier Galarza (1996, Muxika) eta Aitor Bizkarra (1996, Abadiño). Gipuzkoatik, Maider Arregi (1996, Oñati) eta Iñigo Ibañez (1997, Azpeitia). Lapurditik, Aitor Servier (1997, Azkaine) eta Nahia Sasco (1998, Lekuine). Nafarroatik Mikel Lasarte (1996, Barañain) eta Maddalen Lopez (1997, Lesaka). Zuberoatik, Ibai Capot (1997, Zalgize).

Aurkezle lanean Beñat Gaztelumendi jardun zen. Gai-jartzaile taldean, Gipuzkoako bertso-eskoletako gazteok hartu dute parte, Inaxio Usarralde eta Egoitz Aizpuru gidari zituztela: Maddi Alberdi, Maier Fernandez, Nahia Fernandez, Amaia Palazuelos, Aizpea Garmendia, Peru Gabirondo eta Iñaki Rezusta.

Karela kiroldegiko saioa amaitutakoan bazkaria egin zen plazan, eta arratsaldeko 3retatik 6etara festa eta erromeria egon zen; batetik, Patxi Etxeberria eta Maialen Lujanbioren bertso-saioa entzuteko aukera egon zen; bestetik, Obaneuke trikiti taldearena.

Jakina denez, aurten, lehen aldiz, lehiarik gabe utzi dituzte hamalau urte arteko neska-mutikoak. Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak egindago gogoeta baten ondorioa izan da erabakia.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios