Punta puntako bertsolariak Luzio Gabiriaren omenezko jaialdian

Bertso jaialdia. Saioan zehar Urretxu-Zumarraga bertso eskolako gaztetxoek ere parte hartuko dute.
/BERTSO ESKOLA
Bertso jaialdia. Saioan zehar Urretxu-Zumarraga bertso eskolako gaztetxoek ere parte hartuko dute. / BERTSO ESKOLA

Bihar izango da Zelai Arizti aretoan, gaueko 22:15ean hasita Sebastian Lizaso, Igor Elortza, Sustrai Colina eta Maialen Akizu izango dira protagonista

DV ZUMARRAGA.

Datorren asteazkenean, hilaren 13an, ospatuko den Santa Lutzi feriari usaina hartzen hasiak gara dagoeneko, eta feriaren harira, Luzio Gabiriaren omenezko 30. bertso jaialdia izango da bihar, hilak 9, Zelai Arizti aretoan, gaueko 22:15etik aurrera. Zumarraga eta Urretxuko bertso eskolak antolatzen duen ekimena da bertso jaialdi hau, eta Zumarragako Udalaren babesa duena. Santa Lutzi eguna baino egun batzuk lehenago, beraz, motorrak berotzen joateko aukera aparta izango da aurtengoan ere.

Izan ere, puntako bertsolariak igoko dira, urtero bezala, Zelai-Arizti aretoko oholtzara: Sebastian Lizaso, Igor Elortza, Sustrai Colina eta Maialen Akizu. Maila handiko ber-tsolariak, denak ere, bertsolari bakoitzaren bilakaera desberdina izan bada ere.

Sebastian Lizasok ez du aurkezpen handirik behar, izan ere, Euskal Herriko plazetan kantari hamarkadak daramatza 1986an Euskal Herriko txapeldun izan zen azpeitiarra. «Zumarragan ere, sarritan kantatu izan du, eta plaza kuttuna da beretzat Luzio Gabiriaren omenezkoa», diote bertsoeskolakoek

Igor Elortza durangarra hainbat aldiz izan da Bizkaiko txapeldun, eta datorren hilaren 17an BEC-en jokatuko den Euskal Herriko txapelketako finalean kantatuko du beste behin ere. Baita Sustrai Colinak ere, kanporaketa fasean maila bikaina erakutsi ostean. Eta azkenik, aurtengo nobedade nagusia, Zumarraga-Uretxuko bertso eskolako harrobiko Maialen Akizu. Bertso eskolakoen esanetan «iaz Beñat Torres taldekideak kantatu zuen saio honetan bertan, eta bide horri segida eman nahi izan diogu aurten ere, poliki-poliki gazteei aukerak emate aldera». Saioan zehar bertso eskolako gaztetxoek ere parte hartuko dute, eta beraz ez da Maialen ohol-tzan bakarrik sentituko.

Saioa, gaueko 22:15ean hasiko da. Azken urteetan moduan, hamar eurokoa izango da sarreraren prezioa (Gazte txartelarekin zazpi euro) eta sarrerak aldez-aurretik eskuratzeko aukera egongo da aretoko leihatilan bertan, irekita dagoen edozein unetan. Azken urteetan egin izan den moduan, saioaren amaieran hainbat produktu biltzen dituen gabonetako saski eder bat zozketatuko da bertaratzen diren ikusle guztien artean, zozketarako aparteko txartelik hartu beharrik gabe.

Luzio Gabiria Gabiriko Bekoetxe baserrian jaio zen eta txikitatik zetorkion bertsolaritzarekiko zaletasuna. Gerora, bertso munduarekin lotura estua izan zuen, eta lan handia egin zuen bertsolaritza sustatu eta bultzatzeko, oraingoa baino garai zailagoetan, gazteengan ber-tsoekiko zaletasuna hedatuz, txapelketak antolatuz, epaile gisa eta baita bertsoak kantatuz ere. Bera hil zenean antolatu zen bertso jaialdi hau lehenengoz eta aurten hogeita marren edizioa beteko da.

Antolatzaileen esanetan, «Luzio Gabiria gogoratzeko aukera izango dugu bihar, eta horrez gain berak hain gustuko zuen bertso giroaz gozatzeko ere bai. Herritarrei dei egiten diegu ekimen honetan parte har dezaten».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos