Jon Maia bertsolari eta idazlea, duela bi urte 'Kantu bat gara' proiektua aurkeztu zuenean. Michelena
Kantu berri bat gara

Silvio Rodriguez kantautore kubatarrak euskaraz kantatu du Jon Maiaren eskutik

Bertsolari eta idazleak 'Kantu bat gara' proiektuaren bigarren disko-liburua aurkeztuko du azaroan

Itziar Altuna

Donostia

Miércoles, 25 de octubre 2023, 14:03

'Kantu bat gara' disko-liburuak izan zuen arrakastaren bulkadarekin, bi urte igaro eta gero Jon Maiak lan honen bigarren zatia aurkeztuko du, 'Kantu berri bat gara'. Oraingoan ere, hainbat kolaboratzailek parte hartuko dute proiektuan, besteak beste Silvio Rodríguezek. Kantautore kubatarrak euskaraz kantatuko du «bere milaka jarraitzailerentzat eta euskararentzat ere opari bat izango dena», aurreratu dute Elkar Argitaletxetik.

Publicidad

Jon Maiak azken 30 urteetan beste abeslarientzako eta taldeentzako idatzitako kantak bildu ditu 'Kanta bat gara' proiektuan. Bigarren disko-liburuak Itziar Ituño, Olaia Inziarte, Luis Pastor kantautore madrildarra, Mikel Kazalis, Maddalen Arzallus, Ibrahima Balde (Miñan), Ulu media eta Elizondoko Abesbatza Ttikia ere izango ditu bidelagun, Silvo Rodriguezekin batera. Maiaren gonbidapena onartu du artista kubatarrak eta euskaraz kantatu du 'Nostalgia' izeneko kantuan, Gorka Hermosaren doinuekin egina.

Silvio Rodriguezena mundu mailako ahotsetako bat da eta Euskal Herrian hainbat aldiz izan da emanaldi handi eta hunkigarriak eginez. 'Te doy una canción', 'Ojalá', 'Oleo de mujer con sombrero', 'El necio' eta beste hainbat eta hainbat kantu historiko egin dituen abeslari handia

Kantu bat gara proiektua

2021eko azaroan aurkeztu zuen Maiak 'Kantu bat gara' liburu-diskoa, bakarka egindako lehena, aurrez Karidadeko Benta eta Hezurbeltzak egitasmotan aritu ostean. Liburuan, bere kantuak jasotzeaz gain, kantagintzari edo kantuen formatuari buruzko hausnarketak bildu zituen.

Azken hiru hamarkada hauetan 200 inguru kanta idatzi ditu bertsolari gipuzkoarrak. Gozategik, Mikel Urdangarinek, Garik, Soziedad Alkoholika, Hertzainak edo Ken Zazpi taldeek, Anarik eta beste hainbatek kantatu dituzte bere testuak eta haiek egin dituzte ezagun. Orain, testu horiek berreskuratu eta 'transformatu' ditu Maiak, bertsio berriak eginez goi-mailako musikariekin lankidetzan. Gorka Hermosa akordeoilaria, Pello Ramirez txelo-jotzailea eta Nacho Soto teklista elkartu zituen lehen proiektuan eta beraiekin hainbat kontzertu eskaini zituen.

Publicidad

'Kantu berri bat gara' diskoaren aurkezpena azaroaren 8rako iragarri du Elkar Argitaletxeak.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad