'Sablehortz kapitaina eta Greleko kondesa' iritsiko da ostiral honetan zinema aretoetara
'Zinema Euskaraz' programarekin 2025an euskaratua izan den bederatzigarren animaziozko filmea da
I. Altuna
Donostia
Viernes, 12 de septiembre 2025, 12:13
'Sablehortz kapitaina eta Greleko kondesa' filma estreinatuko da ostiral honetan, irailaren 12an, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako zenbait zinema aretotan, 'Zinema Euskaraz' programaren eskutik, eta publiko orokorrari zuzendutako lan norvegiarra euskarara bikoiztuta ikusi ahal izango da. Filma Florida Zinemak (Gasteiz), Gorbeia Zinemak (Gasteiz), Golem Alhondiga (Bilbo), Golem La Morea (Iruñea), SADE Cines (Donostia) eta Niessen (Errenteria) zinema aretoetan proiektatuko da.
Publicidad
Raven eta Pinky dira filmeko protagonistak, bi lagun banaezin. Sable-hortz kapitain beldurgarriarekin (zazpi itsasoetako erregea) ari dira nabigatzen. Haien arteko adiskidetasuna kolokan dago, Sibylla kondesak itsasontziari eraso egin, brankako maskaroia lapurtu eta Pinky bahitu baitu. Kolpe horren atzean plan are handiagoa ezkutatzen da: kapitaina harrapatu eta zazpi itsasoetako erregina aldarrikatzea. Lagunaren patua eta etxea arriskuan daudela, Raven tripulazioarekin elkartu da kondesa geldiarazteko bidaia epiko batean.
Bederatzigarren filma
Programaren sustatzailea den Zineuskadi elkartetik jakinarazi dutenez, 'Zinema Euskaraz' ekimenaren baitan aurten euskaratuta ikusi ahal izango den bederatzigarren filma da, denak animaziozkoak, aurrez heldutako 'Basatiak' (urtarrilak 7), 'Azerik eta erbik basoa salbatzen dute' (otsailak 7), 'Looney Tunes, lurrak eztanda egin zuen eguna' (martxoak 7), 'Kaixo, Frida!' (martxoak 28), 'Minecraft film bat' (apirilak 4), 'Kayara. Inka gerraria' (maiatzak 1), 'Super Elfkinak' (abuztuak 14), 'Heidi, katamotzaren erreskatea' (abuztuak 21) et 'Sari nagusia: ziztu bizian' (abuztuak 29) ostean. Datozen hilabeteetan beste bi film batzuk estreinatuko dira, hala nola 'Supercharlie' (urria) eta 'El tigre perdido' (azaroa).
'Zinema Euskaraz' programaren helburua euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzea da, eta, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak babestuta, haur zein gazteei zuzendutako filmak bikoizten eta zinemagintzan euskararen hedapena bultzatzen ditu.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión