Zabalik
Riftar gizartera hurbiltzeko erakusketa Zumalakarregi museoan«RIF 1923: Eustaquio Berriochoa Elgarrestaren argazkiak' izenburupean ikusgai dago bilduma Ormaiztegin abendura arte
DV
Ormaiztegi
Igandea, 23 uztaila 2023, 18:28
Zumalakarregi Museoak, Urretxuko Udalarekin elkarlanean, Eustaquio Berriochoak Rif-en ateratako argazkiak erabiliz, aldi baterako erakusketa berria antolatu du udarako eskaintza osatuz.
Jon Luqui Albisua, Urretxuko alkatea eta Jon Enrique Galarza, Ormaiztegiko alkatea, gerturatu ziren inaugurazioara.
Urretxuarra Rif inguruan ibili zen pasa den mendeko 20. hamarkadan. Dirudienez, armaderantzat kartografia lanak egiten zituen bitartean argazkiak egin zituen bere lankidei eta tokiko gizarteari haien ikuspegia eskainiz. Argazkiek pertsonak, ohiturak, jantziak, eta paisaiak erakusten dizkigute. Berriochoak Marokon eginiko ibilbidea ere islatzen du erakusketak.
Hau osatzeko garaiko beste argazkilarien irudiak ere erakusten dira, Rifeko gerraren testuingura adierazteko asmoz. Gainera XIX. mendean gertatutako Afrikako gerra ere aztertzen du, 1859-1860 urteetan Ceuta inguruan garatutakoa eta Euskal Tertzioetan 3.000 euskal gazteek parte hartutakoa, Rifeko gerraren aurrekari zuzena.
Museoak hainbat ekimen antolatzeko asmoa du erakusketaren gaiari eutsiz: hitzaldiak, bisita gidatuak eta tailerrak. Honela, aldi baterako erakusketaren edukien eskaintza publiko ezberdinei luzatzeko aukera errazten da.
Historiaren errepasoa
Erakusketan argazkiek garaiko hainbat datu eta kontuekin azaltzen dira. Hauen edukiak sortzeko garaian Zumalakarregi museoak Ahmed Zaidani, historiazale marokiarraren laguntza izan dute Zumalakarregi museokoek.
Historia laburbilduz, aipatzen dute XX. mende hasieran europearrak Afrikan egindako banaketan Espainiari zegokion protektoratuan kokatua, egun Marokoren iparraldeko eskualdea da Rif, amazigen lurraldea. Aurrez amazigen altxamenduak egon ziren baina Rifeko gerra 1911tik 1927ra bitartean luzatu zen. Espainiar armadarentzat izugarrizko odolustea suposatu zuen gatazka honek.
Eustaquio Berriotxoa Elgarresta Urretxun 1899 jaiotako ingeniaria zen, dirudienez 1923.ean espainiar armadarentzat lurraldea kartografiatzera Rifera bidalitakoa. Duela bost urte berak ibilbide horretan egindako argazkiak agertu dira eta horien hautaketa bat eskaintzen dugu orain, Urretxuko udalari eskerrak, Zumalakarregi Museoan.
Berriotxoak bere lankideak jasotzen ditu argazki batzuetan, lanean eta aisialdian. Besteetan berriz amazigen gertuko ikuspegia eskaintzen digu, garaian etsaiak zirenen ohiko irudi manipulatuaz urrun.
Annualgo porrotaren ostean egindako argazkiak izan arren, alegia, espainiar armadak 10.000tik gora hildako jasan eta Abd-el-Krim amazigen buruzagiak Rifeko Errepublika aldarrikatu ondoren, Berriotxoaren argazkiek amazigekiko gertutasuna adierazten dute.
Erakusketa honetan gainera Zumalakarregi Museoan aurrez landu genuen Afrikako gerrari buruzko erreferentziak ere aurkituko dituzue. Izan ere 1859-1860 urteetan, euskaldunak marokoarren aurka borrokatu zuten Foru Aldundiek sortutako Euskal Tertzioetan. Mende erdi beranduago berriro bidali zituzten gazteak lurralde haiek menperatzera.
Azkenik, erakusketa osatzeko garaiko beste argazkilarien lanak ere aurkezten ditugu, Berriotxoaren ibilbideari gerra kolonialaren testuingurua eskaintzeko asmoz.
Erakusketa abenduaren 30ra arte izango da ikusgai.