Borrar
Ermitia haitzuloan lanean ibili den taldea. Geoparkea

Oparotzat jo dute Ermitia kobazuloan amaitu berri den kanpaina arkeologikoa

Geoparkeak eta Gipuzkoako Aldundiak Debako haitzulo honetan bultzatutako hirugarren kanpainan Madeleine aldiko aztarnak aurkitu dituzte

A. Urbieta

Donostia

Igandea, 13 abuztua 2023, 18:55

Comenta

Euskal Kostaldeko Geoparkeak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatuta, Ermitia kobazuloa ikertzen aritu da aditu talde bat, hirugarren urtez, Deban. Amaitu berri dute kanpaina eta oparotzat jo dute, besteak beste, Madeleine aldiko aztarnak aurkitu baitituzte bertan. Gipuzkoako aztarnategi paleolitiko garrantzitsuenetako bat da Ermitiako hauxe. Bertan bizi izan ziren gure arbasoak luzaroan, Erdi Paleolitikotik hasi eta erromatarren garaira arte, denbora-erregistro horren guztiaren aztarnek erakusten dutenez.

«Amaitu berri den kanpaina arkeologiko honetan garbiketa lanetan aritu behar izan du lantaldeak, ingurua txukunduz eta materiala ordenatuz; izan ere, espoliazio handia jasan duen kobazuloa da Ermitia», nabarmendu dute Geoparketik. Bi kata berri ere egin dituzte aurtengo kanpaina honetan, eta Kristo aurreko 15.000-20.000 urte bitartean eman zen Madeleine aldiko (Mendebaldeko Europako Goi Paleolito amaierako kultura arkeologikoa) aztarnak aurkitu dituzte bertan.

Azkoitiko Munibe arkeologia taldeko Juan Mari Arruabarrenak, Aranzadi Zientzia Elkarteko Xabier Peñalver arkeologoak, eta UPV/EHUko Jose Antonio Mujika arkeologoak egin dute indusketa, besteak beste. Jose Migel Barandiaranek joan den mendeko 20eko hamarkadan abiatutako ikerketari jarraipena eman dio lantaldeak, honenbestez.

Aztarnategien kontzentrazio handiko bailara

Geoparkearen lurraldean aztarna arkeologikoak dituzten 20 haitzuloetako bat da Ermitia; Praileaitz, Langatxo eta Iruroin bezalaxe, Historiaurreko Bailaran kokatzen dena. Kantauriar arkuko Paleolito garaiko aztarnategien kontzentrazio eta dentsitate handiena du, hain zuzen, Deba bailarak.

Gizakiak luzaroan bizi izan diren kobazulo handia denez, lurraldeko haitzulorik emankorrenetakoa da, material asko pilatu baita urteen poderioz. «Kokaleku honetako bizilagunek ahuntz-ehizan espezializatuta zeuden, nahiz eta oreinak eta sarrioak ere ehizatu. Bertan aurkitutako hortz, haga eta hezurrezko industria-aztarnak askotarikoak eta ugariak dira: ehizarako armak, puntzoiak, espatulak, orratzak...», azpimarratu dute Geoparketik azken indusketen berri emateko plazaratu duten oharrean. Hartzen arrastoak ere identifikatu dituzte Ermitian.

«Kanpaina arkeologiko eta ikerketa hauei esker, Geoparkearen inguruko jakinduria handituz doa, eta, gure paisaiaren edertasunaz haratago, ikusten dugunaren atzean dauden istorio zirraragarriak ezagutzen eta ezagutzera ematen goaz etengabe», nabarmentzen dute Geoparkeko arduradunek. «Hori dela eta, Geoparkea geoturismoaz gozatzeko leku aparta dela esan dezakegu. Zientzia, turismoa eta kultur transmisioa bat egiten dute jakin-mina duen bisitari ororen mesederako».

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Oparotzat jo dute Ermitia kobazuloan amaitu berri den kanpaina arkeologikoa

Oparotzat jo dute Ermitia kobazuloan amaitu berri den kanpaina arkeologikoa