Martxoak 14, euskaltzaleek buruan duten data urte honetan
23. Korrika Irundik abiatuko da egun horretan. Ibilbidea oraindik ez da zehaztu, baina kanta eta bideoklipa dagoeneko kalean dira
I. Altuna
Donostia
Astelehena, 1 urtarrila 2024, 12:52
Hasi berri dugun urte honetan ere euskarak bere lekua aldarrikatuko du. Euskalzaleek Euskal Herriko kaleak hartuko dituzte 23. Korrika-rekin, martxoaren 14tik 24ra izango dena, Irundik abiatu eta Baionara iritsiko dena AEK-k antolatuta. Aurtengo leloa 'Harro Herri' izango da, euskal komunitateak euskararekiko sentitzen duen harrotasunaren adierazle eta erakusle, eta omendua, Azterketak Euskaraz kolektiboa.
Edizio berri honen aurkezpen ekitaldian antolatzaileek adierazi zutenez, «aurreko edizioko parte-hartze masiboak argi utzi zuen gure hizkuntzaz harro gaudela eta guztion artean komunitate sendoa osatzen dugula». Hala ere, Aitziber Balantzategi AEK-ko Artezkaritza-kontseiluaren lehendakariak harrotasun hori konformismoarekin ez nahasteko azpimarratu zuen, eta erakundeek euskararen normalizazioan duten «ardura garrantzitsua» ekarri zuen gogora.
Bi mila kilometro inguru egingo dituzte parte hartzaileek hamar egunetan. Ibilbidea oraindik ez du zehaztu antolakuntzak, baina 23. Korrika-ren kanta kalean dabil dagoeneko. Maite Arroitajauregi, «Mursego», musikariaren gidaritzapean sorturiko kanta da, 6-7 zati ezberdin dituena; kantuaren barruan 3 kanta ezberdin, eta minisinfonia moduko zerbait oharkabean. «Atea zabaldu diegu azelerandoei, disonantziei, kaos modukoei, keinuei…», azaldu zuen Arroitajauregik aurkezpenean. Hainbat kantariren artean abestua egon arren, apenas inor ez da nabarmentzen, «masa bat» irudikatu nahi izan dutela onartu zuen artista eibartarrak.
Kantarekin batera, bideoklipa ere argitaratu da. Bideoa Amaia Badiola Elgezabalek egin du eta, eta, batez ere, aurreko edizioetako artxiboko irudiz osatuta dago: «23 ediziok eta 43 urtek askotarako ematen dute; besteak beste, ikusteko zer nabarmenak diren KORRIKAn mota guztietako bilakaerak: gizartea, aldarrikapenak, estetika, komunikatzeko erak... baita gauza horiek guztiak jasotzeko teknikak ere», azaldu zuen aurkezpen ekitaldian. Izan ere, denboraren aurrera-egite horrek euskararen erresistentzia ere irudikatzen du». Egileak dioenari jarraikiz, «bideoklipa batzuetan da nostalgikoa, beste batzuetan polita, eta punkia ere izan daiteke».