Koronabirusari nola aurre egin azaltzeko tailerra
Lehen Hezkuntza osora begira antolatu ditu DYAk, «haurrak direlako benetako heroiak»
dv
Donostia
Viernes, 16 de abril 2021, 12:21
2020an Covid-19aren pandemiak eztanda egin zuenetik egunerokoa errotik aldatu zaigu. Sarritan helduongan jarri da fokua eta etxeko txikienak bigarren mailan utzi dira, ez da aztertu nola eragin dien eta neurriak hartzerakoan ez dira kontuan izan. Egoera ikusita, DYAk tailer berri bat jarri du martxan Lehen Hezkuntza osorako, haurrei koronabirusari nola aurre egin azaltzeko.
Publicidad
«Txikienak Covid-19aren aurrean duten portaeraren benetako erantzule izateko modurik onena, birus hau benetan zer den ezagutzea, nola transmititzen den jakitea, eta beren begiekin kutsatzea zein erraza den ikustea» dela argudiatzen du DYAak eta horregatik «tailer oso praktikoak» antolatu ditu, ikus-entzunezko piezetan oinarritua, Lehen Hezkuntzako ikasleentzat. Bertan, banakako jolasen, bideoen eta irudien bidez, birusaren kutsadurari aurrea hartzeko zer egin behar duten eta zer ez ikasiko dute.
DYArentzat, haurrak dira «benetako heroiak, etorri den guztira egokitzen jakin dutelako: etxeko konfinamendua, eskolak etxetik ematea, lagunekin edo senideekin egon ezin izatea, urtebetetzeak ez ospatzea, oporrik ez izatea, eskolaz kanpoko jarduerarik egiterik ez izatea, etab.».
Doako jarduera
Jarduerak ordu eta erdiko iraupena du, euskaraz edo gaztelaniaz, eta ikasgela berean egingo litzateke, ezarritako segurtasun-neurri guztiekin. Ikastetxeari hobekien datozkion egun eta ordutegietan egingo lirateke.
Izena emateko edo informazio gehiago eskatu nahi izanez gero, 943 46 46 22 telefono zenbakira dei edo irakaskuntza@DYAgipuzkoa.com helbidera mezu elektronikoa bidal daiteke. Tailerra guztiz doakoa da proiektu honetan laguntzen duen Kutxa Fundazioari esker.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión