Jarduera andana azaroan Igartubeitin
Erakusketak eta familie zuzendutako tailerrak antolatuko dira datozen asteetan
I. A.
Donostia
Larunbata, 4 azaroa 2023, 21:22
Pil-pil, bil-bil, pirpir, pinpin… Izendapen anitz aurki ditzakegu izkribu historikoetan, baina guztiek egiten diote erreferentzia euskal gastronomian hain estimatua den saltsa zuriari. Osagai gutxiko errezeta da: bakailaoa, olioa eta baratxuria ditu oinarri. Erromatarrek ekarri zituzten gurera saltsa hau prestatzeko beharrezkoak diren oinarrizko hiru osagaiak, baina ez ziren haiek izan saltsa honen sortzaile, Ternuaraino iristen ziren euskal arrantzaleak izan ziren saltsa honen aurkitzaile. Bakailao eta bale ehizara hilabete luzez joaten ziren haiek labetxoak eramaten omen zituzten itsasontzian, honen joan-etorriarekin, su txikian eta astiro olioa urre koloreko saltsa krematsu baina arina bilakatzen zen.
Honelako hamaika istorio eta bitxikeria gordetzen ditu sukaldaritza eta gastronomiaren munduak, Igartubeiti Baserri Museoan ikusgai dagoen 'Mundua lau zaporetan margotuta' erakusketan jasotzen direnak. Baina azaroan zehar ez da hau museoak eskainiko duen eskaintza bakarra. Hainbat tailer ere antolatu dira familian burutzuko.
Honela, azaroaren 11n, arratsaldeko 16:30ean sagar zukua egiteko aukera eskainiko da. Esperientzia sentsorial eta dinamiko honetan, sagarren usaina sentitu ahal izango dute parte-hartzaileek, pisoiekin eskuz zapaldu aurretik. Kirikoketako musika-erritmoak praktikatuko dituzte ere, eta sagarra txikitu eta prentsatu ondoren, bere zukua dastatuko dute.
Hilabete honetan antolatuko den beste ekimenetako batek elikadura osasungarri eta orekatuaren jarraibideak erakutsiko dizkie familiei, betiere modu atsegin eta dibertigarrian. Horretarako, antzara erraldoiaren joko bat erabiliko da, eta familiak izango dira taulan zehar mugituko diren fitxak. Familia irabazleak Ordiziako merkatuan erositako sasoiko produktuen sorta eramango du etxera. Tailer hau azaroaren 18an, larunbatan, 16:30ean izango da.
Bi tailer hauetan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da, 943 72 29 78 telefono zenbakira deituz, edo igartubeiti@gipuzkoa.eus helbide elektronikora idatziz.