Jai giroan murgildu da Anne Etchegoyen bere azken diskoan
'Festa' azaroaren 10ean kaleratuko da eta abeslariak kontzertu-bira bati ekingo dio azken lan hau aurkezteko
Itziar Altuna
Donostia
Viernes, 27 de octubre 2023, 18:13
Anne Etchegoyenen azken diskoa kaleratzeko egun gutxi falta direnean, Iparraldeko kantariak kontzertu-bira bati ekingo dio, Pirinioen bi aldetara eramango duena, izan ere, Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaiko hainbat udalerri hartuko ditu. Lehen emanaldia Bilbon eskainiko du, larunbatean, hilak 28, BECen. Ondoren Arrasaten, Mimizan, Sestaon, Biarritzen, Bidarten, Saint-Serverren eta Iruñean ere joko du Etchegoyenek.
Publicidad
Azaroaren 10ean kaleratuko da 'Festa' diskoa. Album berri honekin, euskal kantariak jai-giroa goraipatu nahi izan du, eta horregatik, herri eta hirietako ospakizunetan, lagun eta senideekin, guztiek ezagutzen eta abesten dituzten abesti herrikoiak bildu ditu. Etchegoyenek aitortu duenez, «jaiak bi urtez galdu izanak agerian utzi zuen hauek duten alderdi soziala, eta hau oso garrantzitsua da niretzat».
Diskoa zortzi abestik osatzen dute, batzuk ezagunak, baina modaketa berriekin, eta beste batzuk berriak. Oraingoan ere, hainbat kolaboratzaile izan ditu Etchegoyenek kantak grabatzerakoan. Honela, Pier Paul Berzaitzek 'Baratze Bat' abestian parte hartu du; Erramun Martikorenak 'Xalbadorren Heriotzean' kantuan, eta Niko Etxartekin grabatu du 'Eperrak'. Bestalde, Alma Loca taldeak 'Maria Gure Ama' abestian parte hartu du, euskaraz eta erdaraz kantatzen dutena, eta Cali autore frantziarrak 'La estaca/Agurre Zaharra' abestian, hau euskaraz eta katalanez kantatu dutena. Aizkoa Abesbatza, Gérard Luc akordeoilariak, eta Gaiteros du Roi León ere izan ditu bidelagun proiektu berri honetan. Diskoa osatzen duten beste abestiak 'Festa', 'Hegoak' eta 'Les fetes de Mauleon' dira.
Kontzertuak
Bilboko lehen kontzertuaren ondoren, Anne Etchegoyenek Arrasaten eskainiko du emanaldia azaroaren 3an. Hurrengo egunean Mimizanen izango da, eta azaroaren 24an Sestaon. Biarritzen 25ean kantatuko du, eta abenduaren 1ean Bidarteko elizan, diskoa aurkezteko ekitaldi nagusia izango dena, bertan izango baitira ere Niko Etxart, Erramun Martikorena, Alma Loca, Aizkoa Abesbatza eta Patxi Garat. Azkenik, abenduaren 15ean Saint-Sever-en eta 16an Iruñeako Gayarre Antzokian kantatuko du.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión