Irudimena gustuko duten haurrentzako sail berria argitaratu du Elkarrek
Plaztilinazko bihurtu den neska protagonistaren abenturak Izaro Artoitak idatzi ditu eta Joseba Larratxeren ilustrazioek irudikatu dute
Itziar Altuna
Donostia
Martes, 24 de octubre 2023, 18:13
Eskolako laborategian zegoela, aulki gainean zutitu eta forma eta izen bitxiak zituzten flaskoei begira ari zen Kati, oreka galdu eta hankaz gora erori zenean. Hainbat flasko gainera erori zitzaizkion, eta ondorioz, plastilinazko bihurtu zen. Ondorioz, edozein forma har dezake eta nahieran kendu eta jar ditzake gorputzeko zatitxoak. «Aspalditik nuen gogoa gorputz moldagarria zuen neskato baten inguruan idazteko», aitortu du Izaro Artoitak 'Lina plastilina' (Elkar) bildumaren lehen liburuaren aurkezpenean.
Publicidad
Fantasia eta irudimena gustuko duten haurrentzat idatzitako lana da, baina «heldutasunaren arabera irakurketa maila desberdinak» izan ditzake, egilearen esanetan. «Protagonistak plastilinazko gorputza duenez edozer gauza egin dezake bere gorputzarekin, edozein izakiren antza izan dezake, eta botere berri horri esker liburuan sartu eta bertan bidaiari izango da», azaldu du Izaro Artoitak. 'Istripu handia' izenburua daraman lehen liburu honetan zirkuan biziko da, eta ondoren itsas bidaia batetan abiatuko da.
Protagonista liburuko bidaiari izateak egileari «erraztu» dio «keinuak egitea beste liburu batzuei». Horrela, irakurleak beste motibo literario batzuk ezagutuko ditu. «Zirkuko gorputz munstruosoen harira, omenaldi txiki bat egin nahi izan diot Julia Pastranari, Mexikon XIX. mendean jaio zen emakume bizardunari», aurreratu du egileak.
Liburu «jostaria»
Lina Plastilinaren abenturek «haurren irudimena xixatuko zuen ilustratzailea» behar zuten eta argitaletxeak Joseba Larratxerengana jo zuen. Emaitza, liburu «jostari, entretenigarri, dibertigarri eta fresko» bat da, Antxiñe Mendizabal editorearen esanetan.
Larratxek ilustrazio modalitatean Euskadi Saria jaso berri du 'Ni ez naiz Mikel Laboa' komikiarekin, eta hau bukatu eta gutxira jaso zuen proiektu honetan parte hartzeko proposamena, «tonoz aldatzeko aukera» eskaini ziolarik. Ilustratzaile irundarrak aitortu duenez, asko disfrutatu du pertsonaia irudikatzen, eta «hainbat ideiatxo» ematen. Oraingoan kolorea erabili duenez, zerbait «jostaria» egiteko aukera eskaini diola esan du. «Istorio bakoitzak bere kolore izaera du». Komiki mundutik etorrita, «nere esparru bidea marra da», eta horregatik, liburu honetan «marrei kolorea» eman diela azaldu du.
Publicidad
Lina Plastilina bildumaren lehen liburua kalean da, eta Elkar argitaletxearen asmoa «urtean bi argitalpen berri» egitea da, Antxiñe Mendizalek adierazi duenez.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión