Irailaren 6tik 10era gauzatuko da Aretxabaletako Tomatearen Astea
Aurten, lehen aldiz, Euskal Herriko bertako tomatearen lehiaketa ere egingo da
A.U.
Donostia
Igandea, 3 iraila 2023, 21:39
Datorren asteazkenetik, irailaren 6tik 10era bitartean Aretxabaletako Tomatearen Astearen zazpigarren edizioa burtuko da Debagoienako herri honetan. Aurten, gainera, berritasunekin dator hasieratik harrera ona izan duen ekimen hau. Izan ere, astearen azken egunean, igandean, ohiko azokaz gain Euskal Herriko bertako tomatearen lehiaketa ere egingo da lehen aldiz. Bertan parte hartu nahi dutenek badute oraindik horretarako aukera izan ere, aurkezteko epea irailaren 6ra arte zabalik egongo da. Antolatzaileek Euskal Herriko bertako tomateen ekoizle oro animatzen dute bere tomatea lehiaketara aurkeztera.
Debagoieneko eskualdeko erakundeek eta Arexabaletako Udalak abiaraziko dute asteazken honetan Aretxabaleta Tomate Astearen edizio berri bat, zazpigarrena jada. Eskualdeko eragileen arteko elkarlanari esker antolatzen den ekimen honen bidez, besteak beste, turismo gastronomikoa bultzatu nahi da eta bertako produktuak ezagutarazi.
Debagoieneko Mankomunitateko Turismo Saila, Deba Garaia Landa Garapen Elkartea eta Aretxabaletako Udala dira bultzatzaileak, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.
Beste edizio batzuetan bezala, 2023ko honek ere bi ekitaldi nagusi izango ditu. Batetik, asteazkenetik aurrera abian izango den Aretxabaleta tomatearekin egindako Pintxoen Ibilbidea, herriko hainbat establezimenduren pintxo oparoen eskaintzan oinarritua. Igandera bitartean izango da haiek dastatzeko aukera.
Azoka berezia igandean
Eta, bestetik, irailaren 10ean, igandearekin, egingo den tomatearen azoka berezia. Tokiko landa eremuan ekoitzitako produktuak saltzen dituzten hogei bat postu bilduko dira Durana kalean, gehienak eskualdekoak. 10:00etatik 14:00etara bitartean egongo dira zabalik eta, ohi bezala, jendetza espero da egun honetarako. Horrez gain, pare bat tailer ere eskainiko dira. Goizeko 11:00etan, agroekologia arloko ikerle den Marc Badalen eskutik 'Hazilana: atera haziak denon artean' izenburua daramana. Eta 12:00etan, sukaldaritza tailerra Osoa sukaldaritzako Anne Otegirekin.
Baina, aipatu bezala, lehiaketak ere izango dira aurten Aretxabaletako Tomatearen astean. Alde batetik, Euskal Herriko bertako tomatearen lehiaketa, lehen edizioa izango duena. Eta, bestetik, tomate deigarriena sarituko duen herri bozketa. Bion sari-banaketa azoka egunean bertan egingo da, ordubata aldera.