Ikastolen jaien 'Tanta' elkartasun txartelen bosgarren ekitaldia abian da
Aurten hautatutako gaia Eskolarteko Bertsolari Txapelketa izango da
DV
Donostia
Asteartea, 31 urria 2023, 18:51
Ikastolen Elkarteak dagoeneko martxan jarri du ikastolen jaien 'Tanta' elkartasun txartelen bosgarren ekitaldia. Ikastolei eta ikastolen proiektuei babesa emateko txartelak eskuratu ahal izango dira ekimen honekin, eta 60.000 euroko zozketan parte hartzeko zenbakia ere eskuratuko dute parte hartzaileek. Datorren urteko ekainaren 21ean egingo da zozketa, notario aurrean. Bi zenbaki aterako dira: irabazlea, eta ordezkoa. Zenbaki saridunaren jabeak hilabete bateko epea izango du saria eskatzeko, eta agertuko ez balitz, ordezko zenbakiaren jabearentzat izango da saria.
'Tanta'ren ekitaldi honetarako hautatutako gaia Eskolarteko Bertsolari Txapelketa da. 1980eko hamarraldiaren hasieran ekin zion Ikastolen Elkarteak bertsolaritza ikastoletan lantzeari, eta, lanketarekin batera, Eskolarteko Txapelketa antolatzeari ere bai.
Egun, euskal kulturaren «oinarrizko erreferente» bihurtu da Eskolartekoa, Ikastolen Elkartetik azpimarratzen dutenez, izan ere «asko eta asko» dira lehen pausoak bertsoak kantatuz eman dituzten euskal sortzaileak, gerora bertsotara zein beste edozein sormen-jardueratara bideratu dutenak euren ibilbidea. «Fruitu-emaile oparoa da Jon Lopategi eta Mikel Mendizabalen eskutik abiatu genuena, Euskal Herri osora hedatu den proiektua», gaineratu dute.
Euskal Herriko berezko hezkuntza proiektuaren aldeko elkartasun adierazpena da 'Tanta', herritarrek Euskal Herriko ikastolen proiektuaren alde ekarpena eginez egikaritzen dena. Ekimenean txartel batzuk jartzen dira herritarren esku, eta hauen ekarpenei esker, ikastolek bultzada ekonomikoa jasotzen dute beren proiektua aurrera ateratzeko.