III. Pandero Jaialdia musika eskeintza anitzarekin dator domekan Amaiara
Sine Die, Ojaluna, Erromintxelak taldeek eta emakume trikitilari laukote eta bikote banak parte hartuko dute 19.30ean hasita
Kepa Oliden
Arrasate
Astelehena, 12 ekaina 2023, 17:48
Pandero Jaialdia musika eskeintza anitzarekin dator igande honetan Amaia antzokira (19.30). Trikixa Eskolak antolatzen duen kurtso amaierako ekitaldiak sei talde bilduko ditu eta sarrerak dagoneko salgai daude www.arrasate.eus atarian.
Ane Zuazubiskar bertsolari arrasatearrak gidatuko du ekitaldia, eta aurkezpenean aipatu zuen Trikitixa eskolako ikasleak gonbidatu bereziak izango direla aurten. «Kolaborazio berezi batzuk egingo dituzte aurtengo musikariekin. Artista haundi eta txikiak ezagutzeko aukera egongo da jaialdian».
Maixa Lizarribar Trikitixa Eskolako zuzendariak aurtengo partaide «oso berezien» berri eman zuen. Lehenengo taldea, Sine Die, Xabier Zabala akordeoi joleak eta Igor Torre biolin joleak sortutako musika proiektua da. Munduko musika, folk eta euskal musikarekin osatutako errepertorioa eskeintzen dute, eszenaratze zaindua dute eta moldaketa ikusgarri eta dibertigarriak dituzte. Beraiekin Trikitixa Eskolako ikasleak ere igoko dira taulara.
Ojaluna taldea Calahorra-Alfaro inguruetatik datorren taldea da. 2016an sortua, musika tradizionala berreskuratzeko proiektua da. Garai batean, eskura zituen musika tresnak erabiltzen zituzten musika egiteko, eta bide hori jarraitzen dute. Perkusioa da gehien bat erabiltzen dutena, pandero kuadratua, kajoi flamenkoak eta goilarak eta zartagiak ere badituzte. Ahotsak garrantzi handia du beraien melodietan
Talde bereziak
Erromintxelak 2021ean Arrasaten sortutako gipsy swing taldea da eta bere partaide gehienak musika irakasleak dira. Ez da panderorik egongo talde honetan baina badute panderoa bezain zaharra den musika tresna bat, washboard edo arraska bezalako tresna. Aurretik, proiektu ezberdinetan elkarlanean aritutako eskarmentu handiko musikariak dira: Jon Garcia (ahotsa eta gitarra); Iñigo Zubizarreta (manouche gitarra); Mikel Maniega (tronpeta); Aitor Moreno (kontrabaxua), eta Jokin Vitoria (washboard, bateria eta ahotsak).
Irati, Araitz, Elaia ta Mirari laukote gaztea, plazetan ezagutu da. Txapelketetan hain zuzen ere. Bata bestearen arerio dira plaza horietan, baina txapelketek jendea ezagutzeko aukera ere ematen dute. Lagunak dira. Pandero jaialdian parte hartzeko batu dira soinu, pandero eta pandero kuadratuarekin: Irati Arcelu, Lazkaotik, Araitz Etxaniz, Azkoititik, Elaia Diaz, Astigarragatik eta Mirari Plazaola, Arrasatetik.
Bestalde, Mirari Azkune eta Aintzane Agirrebeñak bikote oso ezaguna osatzen dute trikitilarien artean. Urte asko daramatzate elkarrekin jotzen. Pandero jaialdiko bikoterik tradizionalena da, betiko trikitixara gehien gerturatzen den bikotea.
Azkenik, Maixa Lizarribarrek aipatu zuen Trikitixa Eskolako matrikulazio epea irekita dagoela da pandero eta soinuan (Arrasatetrikitixaeskola@gmail.com posta elektrnikoan). Panderoa ikasteko 6 urtetik aurrera behar da eta soinua 7-8 urtetik hasita ikasi daiteke.