Aurtengo udalekuetan parte hartu duten gazteak. UEMA
UEMA

Helburuak beteta, amaitu dira Salto! udalekuak

UEMAk antolatutako ekimenak udalerri euskaldunetako gazteak biltzen ditu

I. A.

Donostia

Miércoles, 16 de julio 2025, 18:09

Baliarraindik Idiazabalera bidea egin dute 120 gaztek UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak antolatzen dituen Salto! udalekuen aurtengo edizioan. Bederatzi egunez lagun berriak egin eta ezagutzen ez zituzten herriak eta bazterrak zeharkatu dituzte, Baliarrain, Zaldibia, Ataun eta Idiazabalen barrena. Esperientzia berri honi amaiera eman ondoren, balorazio «positiboa» egin du, UEMAK, «hasieran ezarritako helburuak bete ondoren», jakinarazi dute.

Publicidad

Irati Odriozola eta June Furundarena UEMAko aisialdi arduradunen hitzetan, «aurten ere helburuak betetzat jo ditugu, eta balorazio positiboarekin eman diegu amaiera aurtengo udalekuen bi txandei. Udalerri euskaldunetako gazteen artean gero eta oihartzun eta arrakasta handiagoa du ekimenak, eta aurten asko hazi da izena ematen dutenen kopurua».

Ohi bezala, udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea izan da UEMAk antolatu ohi duen udalekuaren helburua, eta horretarako, ekimenez betetako egitarau oparoa izan dute bederatzi egunez, Hezten aisialdi elkarteko hezitzaileen ardurapean.

Udalekuetako ohiko jolas eta ekimenekin batera, euskal kulturarekin eta euskarekin lotutako hainbat jarduera ere izan dituzte egunotan zehar, besteak beste, Euskal Herrian Euskaraz taldeko eta Gazte Euskaltzaleen Sareko kideekin edota UEMAko teknikariekin izandako solasaldiak eta tailerrak.

'Hedatu' proiektuaren osagarri

Euskararen inguruan herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko ekimenak dira UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei buruzko 'Hedatu' hezkuntza proiektua abian du, eta irakasleekin eta gurasoekin ez ezik, ikastetxeetan ere aritzen dira lanean UEMAko teknikariak. Ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea dira proiektuaren helburuak, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.

Publicidad

Proiektua are gehiago garatzeko, hezkuntza arautuaren mugak gainditu eta udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak eta udalekuak antolatu ditu UEMAk azken urteotan. «Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua», diote.

Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak sentsibilizatzea eta ahalduntzea lortu nahi da urtero Salto! udalekuekin.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad