Haurrek ere izango dute beraien tartea Jazzaldian
Txikijazz ekimenaren baitan bost kontzertu antolatu dira eta guztiekin batera tailerrak eskainiko dira
Jazz doinuek hartuko dute aste honetan Donostia, Jazzaldiaren 59. edizioan. Guztira 391 artista izango dira parte hartuko dutenak, tokikoak zein atzerritarrak eta 79 kontzertu eskainiko dituzte, 12 eszenatokitan. Eta azken edizioetan bezala, aurtengoan ere haur eta gaztetxoek beraiei zuzendutako eskaintzaz gozatzeko aukera izango dute.
Txikijazz jaialdiak 12. edizioa ospatuko du oraingoan, bost kontzerturekin hiru agertoki desberdinetan: Kutxa Fundazioa Plaza (Tabakalera 4. solairua), Chillida Leku eta Kursaaleko terrazak. Nobedade gisa, San Martin Merkatuko Forum FNACen tailerrak izango dira arratsaldean.
Lehenengo hitzordua asteazkenean izango da, hilak 24, eguerdiko 12:00etan, Itziar Yagüe abeslariaren eskutik. Blues, soul, funk eta swing musika talde desberdinetkin aritua da eta orain, berriz, bere konposizioetan dabil murgilduta, afroamerikar musika tradizioaren barruan ere. Emanaldi honetan Paul San Martín (pianoa), Raúl Platz (baxua) eta Mikel Urretagoiena (bateria) izango ditu alboan.
Hurrengo egunean, eta Chillida-Lekun (12:30) Noa & The Hell Drinkers izango dira. Noa Eguigurenek (ahotsa), Gonzalo Portugalek (gitarra, koruak), Manu Gestidok (baxua), Paul San Martinek (pianoa, teklatuak, hammond) eta Ibai Rosek (bateria) osatzen dute talde donostiar hau eta 2023an European Blues Challenge lehiaketa ospetsuan lehen saria irabazi zuen.
Ostiralean, Swingtronics taldearen txanda izango da Tabakaleran (12:00). Eider Saratxaga (ahotsa), Germán Ulacia (pianoa), Joseba Aparicio (tronpeta, gitarra), Iñigo Fernández (saxua, clarinete), eta Ibon Jordán (bateria) dira 2018aren azken aldera sortu zen talde honen musikariak, aurrez hainbat proiektutan lan egin ondoren elkartu zirenak. Talde honek oinarri elektroniko berriagoak gehitzen dizkio swingari, herri musikan ezagunak diren hainbat gai birlantzeko asmoz, baita Jazzeko zenbait estandar ere, lan horiei kutsu moderno, erritmiko eta dibertigarri bat emateko xedearekin.
Hurrengo hitzordua larunbatean izango da, berriro ere Chillida-Lekun (12.30). Bertan, Carole Alstonek kontzertu berezia eskainiko du. Bere ahots bereziarekin, ibilbide profesional luzea garatu du abeslari iparramerikarrak, bai jazzean, mundu osoko jaialdi eta klub ugaritan arituz, bai antzerki musikalean, hainbat musikaletan bere dohain bokalez gain aktore gisa duen talentua erakutsiz.
Elkano Browning Cream taldeak itxiko du igandean Txikijazz Kursaaleko terrazetan (12:00). Taldeak bere azken albuma aurkezten du, Eup (2021), bere ibilbideko seigarrena. Mikel Azpiroz, Karlos Arancegui eta Dave Wilkinsonek beren sustrai kultural eta musikalak plastizitate iradokitzaile batez lotzen dituzte berriro, Hammond organoa, gitarra eta bateria bat eginda. Beren estiloa jazzean eta bluesean oinarritzen da.
Proposamen osagarri bezala, kontzertu guztiekin batera tailerrak eskainiko dira, esparru berean eta adin-tarte desberdinetarako pentsatuta, eta aurten proposamen ludikoenari gehituko zaio, San Martin Merkatuko FNAC Foruma, non, uztailaren 24an eta 26an, 0 eta 4 urte bitarteko haurrentzako tailer-kontzertu bat eskainiko den, arratsaldeko 18:00etan.