Gau Beltzaren ohitura berreskuratu eta herriratu nahi da Azpeitian
Urriaren 31ko gauaren inguruko usadioa berreskuratu eta hainbat ekitaldi prestatu ditu herriko guraso talde batek
Azpeitia
Sábado, 18 de octubre 2025, 18:21
Urriaren 31n ospatzen da Gau Beltza, Euskal Herriko ohitura zahar eta berezia. Garai batean Arimen Gaua izenez ezagutzen zen, eta helburua hildakoen arimak gogoratzea eta omentzea zen. Gau magiko hori bizidunen eta hildakoen munduak elkartzen ziren une berezitzat jotzen zen.
Publicidad
Antzina, etxeetan argiak pizten ziren arimak bidea aurki zezan eta beldurra uxatzeko. Herriko haur eta gazteek eske-kantak abesten zituzten, eta trukean janaria edo gozokiak jasotzen zituzten. Ohitura hori gaur egungo Halloweenaren antzekoa da, baina euskal sustraietatik dator eta sineste kristau eta paganoen nahasketa bat da.
Azken urteetan, Gau Beltza berreskuratzeko mugimendua indartu da Euskal Herriko hainbat herritan. Kalabazak hustu eta argiz betetzen dira, mozorroak janzten dira eta herriko kaleetan desfileak egiten dira. Batzuek sorgin edo izpiritu itxura hartzen dute, eta beste batzuek euskal mitologiako izakiak gogorarazten dituzte, hala nola Basajaun edo Mari.
Ohiturak bizirik mantentzeko helburuarekin, dozena bat laguneko guraso talde bat aritu da lanean azken hilabeteetan -herriko eragile hainbatekin elkarlanean- gau magiko hau «modu herrikoian eta parte-hartzailean»ospatzeko.
«Gure arbasoentzat mugarri zen urriaren 31, neguaren etorrera sinbolizatzen baitzuen, eta baserritarrek uzta ematen zuen lurrari atseden hartzen uzten baitzioten hainbat errituren bidez. Ondoren, udaberrian, berriro esnatzen zuten amalurra, aski ezagunak ditugun Santa Ageda jaietako makilkadekin edo inauterien etorrerarekin.
Publicidad
Bultzatzaileek esan dutenez, hildako senideak eta hurbilekoak oroitzeko gaua ere izan da Gau Beltza Euskal Herrian. «Heriotzaren eta bizitzaren arteko muga hori pixka bat lausotzeko saiakeran, asko dira gurean herriz herri jaso diren kontakizunak: kalabazak edo arbiak hustu, aurpegi itxura eman, kandela txiki bat sartu eta bide bazterretan argiztatuta jartzen zirenekoak; bizilagunak beldurtu eta hildakoen arimei bidea erakusteko jarriak. Erritual ugari mantendu dituen herria da gurea. Halere, beste asko urteetan zehar galtzen joan dira, egiten zirenaren ezagutza ere ia galtzeraino. Usadio horiek gaur egunera ekarri nahian, euskal tradizioan, historian eta hizkuntzan oinarritutako Gau Beltza proposatzen dugu», esan dute.
Euskal mozorro tradizionalak
Egitarau oparoa prestatzeaz gainera, herritarrak animatu nahi dituzte urriaren 31ko gauean mozorrotuta joatera.
Horretarako, mozorrotzeko jarraibide batzuk eman dituzte. «Asko eta askotarikoak izan daitezke Gau Beltzeko arimen mozorroak. Halere badituzte ezaugarri berezi batzuk: Lepora lotutako oihal zuria, alkondara koadroduna, baserritar jantziaren azpiko edo gaineko gona, maonezko galtzak, lastozko edo baserritar txapela, abarkak eta artilezko galtzerdiak».
Publicidad
Hiru eguneko egitaraua antolatu dute Gau Beltzaren harira
Gau Beltza ospatzeko hainbat jarduera prestatu dira herrian. Lehenengo ekintza urriaren 30ean, ostegunean, egingo da Sanjuandegiko Txiki Txoko ludotekan, arratsaldeko 17:15etik 19:15era. Bertan, haurrek mozorroak prestatu eta kalabazak husteko tailer batean parte hartu ahal izango dute, Gazteria sailaren laguntzarekin. 0 eta 7 urte bitarteko haurrek heldu batekin joan beharko dute, eta 8-12 urtekoek bakarrik parte har dezakete. Parte hartzeko behar den materiala oihal edo izara zuri zaharra da, baina ez dutenentzat bertan baliabideak edo karetak egiteko aukera eskainiko dira. Tailerrean parte hartzeko aurrez izena eman behar da honako estekan: https://labur.eus/GauBeltzaTailerra.
Bigarren jarduera urriaren 31n, ostiralean, izango da. 19:00etan, Plaza Nagusian hasiko da ekitaldia. Parte-hartzaileek mozorroak jantzita eta kalabazak eskuan kalejiran ibiliko dira Alde Zaharrean, Juan Antxietako Musika Eskolako trikitilariekin batera. Ibilbidean zehar, gaztaina-jana eta ipuin-kontaketa izango dira. Kalejira amaitzean, berriro plazara itzuliko dira, eta han dantza herrikoia egingo dute Itsasi Dantza Taldearen laguntzarekin. Ondoren, beldurrak sutara botako dira, eta amaitzeko, 'lurrari atseden emateko' ipuin antzeztua eskainiko da.
Azkenik, azaroaren 4an, asteartean, Basazabal jauregian, arratsaldeko 18:00etan, 'Tximeletaren bidaia' izeneko heriotzaren inguruko ipuin-kontaketa ludikoa egingo da, Manex Beristainekin. Ekintza hori 6 eta 12 urte bitarteko haurrei eta haien familiei zuzenduta dago.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión