Gau beltza, euskal tradizio berria?
Fenomeno honen bilakaera eta esanahia aztertuko dituen mintegia burutuko da urriaren 21ean Donostian
I. A.
Donostia
Miércoles, 15 de octubre 2025, 18:52
'Gau Beltza' terminoa nahiko berria da, baina tradizio luzeko praktikak eta sinesmenak biltzen ditu, horietako batzuk kristautasunaren aurrekoak. Gaur egun duen garapenak, batez ere azken hamarkadetan, agerpen bizi, aldakor eta sortzaile bat ekarri du, tokiko sustraiak eta kanpoko eraginak uztartzen dituena, eta euskal udalerri askotan kultur adierazpen propio gisa finkatu dena.
Publicidad
Bada, Gau Beltzaren gaur egungo fenomenoa euskal tradizio berri gisa aztertzeko jardunaldi bat antolatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren bitartez, urriaren 21erako, Donostiako Santa Teresa komentuan (KMK). Mintegiak fenomenoaren bilakaera eta esanahia aztertuko ditu ikuspegi antropologiko, sozial eta kulturaletik, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak ondare immaterialari buruz duen lan-programaren barruan.
Programak hainbat hitzaldi eta eztabaida-mahai izango ditu. Honela, Josu Ozaita antropologoak, Jaime Altunarekin batera 'Itzalitako kalabazen berpiztea' liburuaren egilekideak, 'Antropologia Gau Beltzaren barruan' gaia jorratuko du. Nekane Martiarena hezitzaileak eta Oiartzungo Gau Beltzaren ospakizunen antolatzaileak, bere herriaren kasua aurkeztuko du, jaien berreskurapenaren adibiderik dinamikoenetako bat. Oier Araolaza antropologok eta dantzan.eus-eko arduradunak, 'Halloween vs. Gau Beltza: inurriak inbasio globalaren aurrean' gaiari buruz hausnartuko du. Eta Taupa mugimenduak fenomenoaren dimentsio sozial, ludiko eta hezitzailea aztertuko du 'Gau Beltza, ohitura bihurtutako jaia' hitzaldian.
Jardunaldiari amaiera emateko, Gaizka Arangurenek moderatutako 'Gau Beltza: sustraitutako tradizio berria?' mahai-ingurua egingo da, eta Xabier Kerexetak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Museo eta Bildumen Zerbitzuko buruak, azken hitzak esango ditu.
Kultura Departamentua azken urteotan lanean ari da urtero errepikatzen diren errituak eta ospakizunak ikertzen, tokiko komunitateen nortasun-ezaugarriak biltzen dituzten adierazpenak direlako. Lehenengo proiektua Santa Ageda egunari buruzkoa izan zen, eta dagoeneko mapa interaktibo bat eta 2026an aurkeztuko den azterlan historiko bat egin dira.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión