Borrar

Euskarazko jolasak bueltan dira Donostiako parkeetan

Donostiako Udalak hiriko 19 auzotako 22 jolasgunetan antolatuko ditu urriaren 6tik 24ra

DV

Donostia

Astelehena, 6 urria 2025

Comenta

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak 'Parketarrak' egitasmoa antolatuko du hiriko 19 auzotako 22 jolasgunetan. Lehen saioak astelehen honetan izango dira, Altzan, Bidebietan, Morlansen eta Añorgan, eta haurrak kalean eta parkeetan jolasean ari direnean euskara erabiltzea izango da helburu nagusia. Saioak urriaren 24ra arte antolatu dira.

Egitasmoa bi programatan banatuta dago: 'Zabu-zibu', 3-5 urte bitarteko haurrentzat eta beren arduradunentzat, eta Txirrintxon, 6-9 urte bitarteko haurrentzat. Halere, parte hartzaileak ez dira bakarrik arituko jolasean, jolasgune bakoitzean bi dinamizatzaile izaten baitituzte jolasak musikaren laguntzaz gidatzeko. Hiriko 19 auzotako 22 jolasgunetara iritsiko da egitasmoa.

Ekimena urteko hiru sasoietan antolatzen da, martxoan, maiatzean eta urrian hain zuzen ere. Uda aurreko saioan, maiatzean, ekimenak parte hartzaile asko izan zituen, hiru asteren buruan 982 haur eta 230 guraso jolasean aritu baitziren. Datuok agerian uzten dute ekimenak «harrera ona» duela parkeetara jolastera joaten direnen artean.

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak azpimarratu du ekimenaren helburu nagusia familiek eta haurrek parkean euskaraz egitea dela: «Jolasak lagungarriak dira horretarako. Jolasen bitartez hizkuntza lantzen da batetik, eta, bestetik, kaleko erabilera astintzen laguntzen du. Izan ere, jolas egiten ondo pasatzen dute eta lagunarteko harremanak euskaraz eraikitzeko urratsak egiten dituzte».

Gainera, Donostiako Udalarentzat, giltzarri da haurrek ikustea euskara esparru guztietan erabil dezaketela eta ez dutela nahitaez gaztelaniara jo beharrik jolasteko, behar dituzten esamoldeak edo esaerak aurkitzeko. «Eskolatik edo familiatik haratago erabiltzeko aukerak eskura jartzea komeni da; izan ere, kalean edota aisialdian, gauzak aldatu egiten dira, eta lagunarteko edo informalak diren hizkerak behar dituzte. Lagunartean komunikatzeko garaian, euskara gutxiago erabiltzen dute eta sarritan nahikoa txikitatik hasten da prozesu hori. Joera hori aldatzeko, 'Parketarrak' ekimena oso lagungarria izan daiteke joera horri aurre egiteko», adierazi dute.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Euskarazko jolasak bueltan dira Donostiako parkeetan

Euskarazko jolasak bueltan dira Donostiako parkeetan