Euskararen inguruko ikerketak aurkeztuko dira Mintzola mintegian
Hamaika ikerlari eta adituk parte hartuko dute azaroaren 6an Donostian egingo den jardunaldian
I. Altuna
Donostia
Sábado, 11 de octubre 2025, 17:38
Mintzola mintegia izango da azaroaren 6an Donostian, Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaritzan, hain zuzen ere. Euskaltzaindiak jakinarazi duenez, alde batetik, aurtengo ikerketa deialdietan saritutako gradu eta master amaierako lanen ondorioak aurkeztuko dira topaketan. Bestalde, aurten saritutako ikerketa lan monografikoen helburuak eta iazkoaren ondorioak, eta, azkenik, ahozko hizkera aztergai duten beste ikerketa lan batzuk ere aurkeztuko dira.
Publicidad
Jardunaldia goizez egingo da eta sarrera doakoa da, baina bertaratu nahi duen orok aurrez eman beharko du izena 943 428 050 telefono zenbakira deituz.
Jardunaldian parte hartuko duten ikerlari eta adituak Mikel Perez, Oihana Lujanbio, Fernando Oiartzun, Alex Artzelus, Odei Guirado, Ines Azkarate, Libe Miner, Garazi Irastorza, Igor Yugueros eta Irati Urreta izango dira.
Hain zuzen, Mikel Pérez González 'Nolakoak dira eta nola mintzatzen dira kode-alternantziaren erabilera-eza edo erabilera oso apala aitortzen duten euskaldunak?' ikergaiaren inguruan arituko da; Oihana Lujanbiok 'Noka berrerabiltzeko ikerketa parte-hartzailea: Goizuetako adibidea' hitzaldia eskainiko du; Fernando Oiartzunen ikerketa-proposamena saritua izan zen 2025eko Mintzola sarietan (Leitzako hitanoa: corpusa osatzeko eta erabilera berpizteko saiakera), eta mintegian lan horri buruzko xehetasunak emango ditu; Alex Artzelusek Azpeitiko euskarako alokutiboaren sintaxian dagoen aldakortasunari buruz hitz egingo du; baita Odei Guiradok, bere ikerketa-proposamena saritua izan da aurtengo Mintzola ikerketa sarien deialdian (Hari-Katu: euskara informala hizkuntzaren, emozioaren eta komunitatearen ardatz gisa haurtzaroa babesteko egoitza-harreretan).
Ines Azkaratek Mintzolak saritu zuen master-amaierako lanari buruz jardungo du mintegian: 'Euskararen erabilera ikaskuntza gidatuko espazioetan eta zirkulazio libreko eremuetan: Gipuzkoako Lehen Hezkuntzako kasu-azterketa bat'; Garazi Irastorzak Mintzola ikerketa-saria jaso zuen gradu-amaierako lanarengatik, eta haren berri emango du bere hitzaldian ('Hizkera-maila zaindu eta arduragabean ekoitzitako bokalen azterketa akustikoa); Garazik bezala, Igor Yuguerosek ere oraintxe amaitu du Euskal Ikasketetako gradua EHUn eta mintegian, 'Igeldoko euskararen bilakaera fonologiakoaren azterketa' izeneko ikerketa-lanaren berri emango du; azkenik Irati Urretak hizkera-mailen araberako ahoskera aldakortasunaren inguruan hitz egingo du mintegian, eta azalduko du zer erakusten duten euskal hiztunen ahoskera aukerek.
Mintzola Fundazioa 2021ean azkendu ondoren, Mintzola egitasmoa hizkeraren lantegi bihurtu zen. Euskaltzaindiak finkatu zituen egitasmoaren lan eremua, lehentasunezko lan ildoak eta jarduerak, eta horiek guztiak landu dira ordutik, euskarazko ahozko jardunaren inguruan lan egiten duten eragileekin lankidetzan
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión