Euskara modernoaren hiztegirik zabalena aurkeztuko dute asteartean
'Egungo Euskararen Hiztegia' 15 urtetan zehar luzatu den proiektuaren emaitza da
I. Altuna
Donostia
Sábado, 11 de marzo 2023, 17:36
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) 'Egungo Euskararen Hiztegia' aurkeztuko du datorren asteartean, martxoaren 14an, Bilboko Bizkaia Aretoan egingo duen ekitaldian. EHUko Euskara Institutuak garatu du hiztegia eta «euskara modernoaren hiztegirik zabalena izango da», EHUko iturriek iragarri dutenez.
Publicidad
'Egungo Euskararen Hiztegia' proiektu erraldoia da. Lana 2008an abiatu zen eta 15 urte behar izan dira burutzeko. Tamaina aldetik erraldoia da, eta, paperean argitaratuko balitz, zenbatetsi da 30 bat liburuki beharko liratekeela, 16.000 bat orrialde. Guztira 70.751 sarrera, 251.153 adiera, 529.227 adibide eta 663.172 hitz multzo aurki daitezke hiztegian.
Proiektu honen aurkezpenean adierazi zenez, F, G eta H letrarekin hasten diren hitzak izan ziren lehenak lantzen. Ez zuten A letratik hasi nahi izan, hain zuzen ere atal «luzeenetakoa eta zaileenetakoa delako», esan zuten. Ez zela hiztegi arauemailea izango jakitera eman zuten ere, «hori Euskaltzaindiari dagokiolako, baina neutroa ere ez», gaineratu zuten. Orduko EHUko erretoreak, Juan Ignacio Perezek, esan zuenez, ekimena «guztiz bat dator EHUren helburuekin. Helburu garrantzitsuenetako bat euskal kulturaren garapena da, eta proiektu honek asko laguntzen du horretan».
Astearteko aurkezpen ekitaldia 10:00etan hasiko da, eta Eva Ferreira errektoreak, Itziar San Martin Euskara Institutuko zuzendariak, Pello Salaburu 'Egungo Euskal Hiztegia'-ren sustatzaileak, Miren Azkarate Euskara Institutuko zuzendari ohiak, Ibon Sarasola EHUko irakasle ohi, hizkuntzalari eta euskaltzain emerituak eta Xabier Arauzo Bizkaiko Aldundiko Euskara zuzendari nagusiak parte hartuko dute.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión