Euskaltzaindiak ortotipografiari buruzko ikastaroa antolatu du
Erakundeak lau tutorial ondu ditu ere erabiltzaileei 'Orotariko Euskal Hiztegia'-ren egitura erakusteko
I. A.
Donostia
Asteartea, 10 iraila 2024, 19:32
Euskaltzaindiak 'Euskara Batuaren Ortotipografia: laburtzapenak eta sinboloak' izeneko ikastaroa antolatu du irailaren 17rako. Euskaraz argi idazten den edo letra larriak, lodiak, etzanak edo sinboloak nola erabili behar diren argitzen laguntzeko helburua du ikastaroak, Euskaltzaindiko iturriek jakinarazi dutenez. Doakoa izango da eta Gasteizko Udalarekin lankidetzan antolatu da, Akademiaren Arabako ordezkaritzan, arratsaldeko ordutegian (16:00-19:00).
Izen-ematea zabalik dago https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLSf-5_J9BfRP6AMe3helEMwK1CAFlYBVuWIWW4E0AahNWwS3gw/viewform?pli=1 estekan, eta ostiralean itxiko da, irailaren 13an.
Tutorialak
Bestalde, Euskaltzaindiak lau tutorial ondu ditu erabiltzaileei 'Orotariko Euskal Hiztegia'-ren egitura erakutsi eta bilaketak nola egiten diren azaltzeko, Andoni Sagarna euskaltzain emerituaren eskutik,
Bada, lehenengo tutorialean 'Orotariko Euskal Hiztegia'-ren egitura azaltzen da: sarrerak, aldaerak, euskalki markak, adierak, adibideak, erreferentzia bibliografikoak, hitz elkartuak eta esapideak. Bigarrenak tutorialak sarreren eta azpisarreren oinarrizko bilaketak nola egiten diren eta emaitzak nolakoak diren erakusten du.
Hirugarren tutoriala bilaketa aurreratuei buruzkoa da. 'Orotariko Euskal Hiztegia'-ren aberastasunik handiena adibidetegia da, eta hirugarren tutorialaren bidez, ikas daiteke euskal hitzen erabilera nolakoa izan den denboraren, euskalkien edo idazleen arabera.
Azkenik, laugarren tutorialean beste zenbait bilaketa egiteko aukerak ikusten dira, hala nola erdal hitzen euskal ordainak edo euskalki edo azpieuskalki bateko hitzen bilaketa.