Euskaltel-Euskadi Burgosko Itzulian bueltatuko da lehiaketara
Jakinarazi dute Julen Irizarren, Mikel Bizkarraren eta Juanjo Lobatoren kontratuak berritu dituela, bi denboraldirako lehenarena eta hiruna denboraldirako beste bienak
Ostirala, 24 uztaila 2020, 17:44
Euskaltel-Euskadi txirrindularitza taldeak Burgosko Itzulia jokatuko du uztailaren 28tik abuztuaren 1era bitarte. Covid-19aren ondoren nazioarteko egutegian antolatuko den lehen lasterketa izango da, eta azken urteetako parte hartzerik onena izango du, euskal taldeak nabarmendu duenez.
Lehen etapa Burgosen hasi eta bukatuko da, eta 2014an Juanjo Lobatok irabazi zuen berdina da. «Oraingoan urduritasun gehiago izango da, txirrindulari handiak lehiaketara itzuliko direlako, baina berriro saiatuko naiz«, adierazi du Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak.
Gainera, Burgosko Itzuliko bi etapa mendian bukatuko dira: Picón Blanco eta Lagunas de Neila. Lasterketa zazpi aldiz jokatu duen Mikel Bizkarrak bietan ondo aritzeko itxaropena dauka: «Sentsazio onak ditut eta lehian egoten saiatuko naiz, aurten askoz zailagoa izango den arren».
Juanjo Lobatorekin eta Mikel Bizkarrarekin batera, Rubén Fernández, Mikel Aristi, Txomin Juaristi, Gotzon Martín eta Julen Irizar txirrindulariek osatuko dute Euskaltel-Euskadik Burgosko irteeran aurkeztuko duen zazpikoa.
Azkenik, Euskaltel-Euskadik jakinarazi du Julen Irizarren, Mikel Bizkarraren eta Juanjo Lobatoren kontratuak berritu dituela, bi denboraldirako lehenarena eta hiruna denboraldirako beste bienak. Hiru txirrindularientzat «konfiantza eta lasaitasun gehiago» dakar berritzeak, bai eta «handinahi izateko eta lasterketetan guztia emateko beste arrazoi bat» ere.