EGOko musikari gazteak gabonetako topaketan murgildu dira
Lau egunez Musikene beraien entsegu-gune bilakatuko da hurrengo egunetan eskainiko dituzten kontzertuak prestatzeko
Itziar Altuna
Donostia
Asteartea, 26 abendua 2023, 12:27
Gabonetako topaketari fidel eusten dio beste urte batez Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO), eta aurtengoan orkesta gazteak bi pieza landuko ditu: Rossiniren Obertura La gazza ladra, eta Brahmsen 4. sinfonia, bi konpositoreen bi obra adierazgarrienetakoak. Errepertorio hau prestatzeko Musikenen elkartuko dira musikari gazteak aste honetan, eta lau egunez elkar ezagutu eta entsaiatzeko aukera izango dute. Aurtengoan, Unai Urrecho tronboi-jotzaile eta zuzendari arrasatearra izango da zuzendari gonbidatua.
Urteari agur esateko lau kontzertu eskainiko ditu EGOK egun hauetan landutako programa honekin. Lehenengoa larunbatean, abenduak 30ean, izango da Tolosako Leidor antzokian (20.00). Datorren astean beste hiru hitzordu izango dituzte: asteartean, hilak 2, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian (19.30); asteazkenean, hilak 3, Gasteizko Principal antzokian (19.30) eta ostegunean, hilak 4, Bilboko Euskalduna jauregian.
Musikari gazte eta zuzendari
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eskutik sortu zen EGO 1997. urtean, eta lehen orkestrako kide izan zen Unai Urrecho. «Oso ondo gogoratzen dut 1997ko uda, zenbat gazte elkartu ginen eta ze nolako ilusioa genuen, guretzako aukera oso ona izan baitzen elkar ezagutzeko eta lagun berriak egiteko». Garai hartan «maixu paregabeak izan genituen eta Juanjo Menaren zuzendaritzapean musika egitea oso berezia izan zen», aitorzen du Urrechok. Orain bera «ardura handiz» itzuli da EGOra zuzendari gisa, baina erronka honi aurre egiteko prest dagoela dio. «Gustatuko litzaideke gazte guztiek nik izan nuen esperientzia izatea, niretzako oso lagungarria izan baitzen eta espero dut beraientzat ere berdin izatea».
Aurtengo zuzendari gonbidatuak gazte orkestrek musikarien hezkuntzan duten garrantzia azpimarratu du, «gazteentzat aukera oso ona baita beste musikari talentudunak eta maixu berriak ezagutzeko, eta baita errepertorio interesgarriak lantzeko». Urrechoren esanetan «orkestra gazteak giza baloreak lantzeko balio du. Hau da, beraientzat aukera polita da besteekin batera jotzen eta besteak errespetatzen ikasteko, musikari on bat izateko enpatia behar da eta».