Borrar

Bigarren hizkuntzak gutxiago eusten dio beste hizkuntzen eraginari

BCBL-ko ikerketa batek hirueledunen kasuan ingelesak erderan eta euskeran duen eragina aztertu du

I. Altuna

Donostia

Larunbata, 22 uztaila 2023, 12:47

Comenta

Gure inguruan asko dira gaztelera eta euskara menperatu eta hirugarren hizkuntza bat ikasi dutenak. Eta batzuetan, hainbat hizkuntzen eraginpean hitz egitean, 'interferentziak' sor daitezke, hau da, hitzen arteko nahasketa, gehienetan gutxien menperatzen den hizkuntzen artean ematen dena. Hau da behintzat, duela gutxiko ikerketek ondorioztatu dutena. Gainera hizkuntza berri bat eskuratzeak jada ezagutzen den hizkuntza baten kontrolean ere eragina izan dezakeela nabarmendu da.

Bi ikerketa-lerro horiek Donostiako Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) erakundeak gidatutako ikerketa berri baten hazia izan dira. Ikerlariek probak egin dituzte ikusteko ea, pertsona hirueledunen kasuan, nagusitasun gutxien duen hizkuntzak eragin handiagoa duen bere bigarren edo lehen hizkuntzan hitz egitean. Hau da, gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez hitz egiten dutenengan (gaitasun-ordena horretan), ingelesak zein hizkuntzatan eragiten duen gehiago, erdaran edo eskeran.

Horretarako, BCBLko lantaldeak 50 boluntario gazte-heldu izan zituen, gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez hitz egiten zutenak. Berezitasun bat zuten: parte-hartzaileek beraien lehen bi hizkuntzak ingurune elebidun bateko esposizio naturalaren bidez eskuratu zituztela; ingelesa, berriz, atzerriko hizkuntza gisa ikasi zuten.

Parte-hartzaileek etxetik egin zuten proba, ordenagailuan, eta bi proba mota egin zituzten. Antje Stoehr proiektuaren buru izan den BCBLko ikertzaileak azaltzen duenez, batetik, hizkuntzak nahastu egiten ziren, eta boluntarioek irudiak izendatu behar zituzten, gaztelania, euskara eta ingelesa azkar tartekatzen zituzten bitartean. «Hitza zer hizkuntzatan esan behar zuten jakiteko, irudiarekin batera bandera britainiarra, espainiarra edo euskadikoa zegoen». Irudiak denbora laburrean erakusten ziren, lana zailagoa izan zedin.

Bigarren proban, hizkuntzak ez ziren nahasten, eta parte-hartzaileek irudiak izendatu behar zituzten lehenik gaztelaniaz eta gero euskaraz (edo alderantziz) eta azkenik ingelesez. Proba guztiak grabatu egin ziren, eta BCBLko ikerketa-taldeak, Yorkeko Unibertsitatearen (Erresuma Batua) laguntzarekin, ahoskera eta hitzen hautaketako akatsak ebaluatu zituen ondoren.

Ondorioak

Zehazki, ahoskeraren kasuan, /p/, /t/ eta /k/ soinuak aztertu ziren; hots horiek berdin ahoskatzen dira gaztelaniaz eta euskaraz, baina ez ingelesez. «Parte-hartzaileek hizkuntzak txandakatu behar zituztenean, haien euskarazko ahoskera ingelesera gehiago hurbiltzen zela ikusi genuen, baina haien gaztelaniazko ahoskeran ez zuen eraginik ingelesak», gehitu du Stoehrrek. Era berean, ingelesezko hitz gehiago erabili zituzten euskaraz esan behar zituztenean gaztelaniaren txanda zenean baino. Hau da, ingelesak, bere hirugarren hizkuntzak, gehiago oztopatzen zuen euskara (bigarrena) gaztelania baino (lehena).

«Ondoriozta dezakegu bigarren eta hirugarren hizkuntzak lehen eta hirugarren hizkuntzak baino harreman estuagoa dutela hitz egitean. Harrigarria bada ere, hori gertatzen zen nahiz eta euskarak eta ingelesak antzekotasun gutxiago izan, eta gainera, adin goiztiarrean komunitate elebidun batean bigarren hizkuntza eskuratu zuten pertsonengan ikusi zen», nabarmendu du BCBLko adituak. Antje Stoehren arabera, horrek zera iradokitzen du, bizitzako lehen etapetan bigarren hizkuntza bat ikasi arren, hizkuntza nagusiak baino gutxiago eusten diola beste hizkuntza batzuen eraginari.

BCBLren lana Eusko Jaurlaritzak, Europar Batasunak eta Espainiako Gobernuko Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak finantzatua, eta Antje Stoehrez gain, BCBLko Mina Jevtovi eta Clara Martin ikertzaileek eta Yorkeko Unibertsitateko Angela de Bruin doktoreak parte hartu dute proiektuan.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Bigarren hizkuntzak gutxiago eusten dio beste hizkuntzen eraginari

Bigarren hizkuntzak gutxiago eusten dio beste hizkuntzen eraginari