Euskaraz Barra Barra marka Donostian aurkeztu da ostiralean.  

Barra-Barra markak merkataritzan eta ostalaritzan euskaraz hitz egiteko guneak identifikatuko ditu

Ekimena 1.644 establezimendutan abian da dagoeneko eta aurten 50 udalerri inguru hasiko dira marka ezartzeko prozesuarekin

Itziar Altuna

Donostia

Viernes, 31 de marzo 2023

Euskara gaitasuna identifikatuko eta aitortuko duen egitasmo bateratua da Euskaraz barra-barra marka, merkataritzan eta ostalaritzan euskaraz hitz egiteko guneak identifikatuko dituena. Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak, Hiruko Itunaren barruan, aurkeztu berri dute ekimena Donostian, eta Euskal Herri osora zabalduko da, euskararen lurralde guztietara. Hasieran eremu pribatuan jarriko da martxan eta etorkizunean eta pixkanaka-pixkanaka eremu publikora hedatzea ere aztertuko da.

Publicidad

Euskaraz barra-barra ikurraren helburua da bezero euskaldunei adieraztea euskaraz egiteko aukera dutela ikurra duten establezimendu edo entitateetan, izan ere marka duten guneetan bermatuta egongo da euskaraz ulertzeko gaitasun nahikoa dagoela uneoro. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Bingen Zupiriak azpimarratu duenez «atxikimenduari baino, gaitasunari lotuta egongo da marka banatzeko irizpidea». Egitasmoan parte hartzen duten udalek izango dute marka banatzeko eta betearazteko ardura.

Egitasmoaren erronka Euskal Herriko ahalik eta establezimendu gehienetan euskara erabiltzeko aukera bermatzea da. Besteak beste, euskararen erabilera sustatu nahi da, merkataritzaren sektorean eraginez. Baita herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatu eta bermatu, eta euskal hiztunen nahasmen eta «estres linguistikoa» murriztu. Aldi berean, euskararen biziberritzearen inguruan, kontzientziazioa eta konpromisoak sustatu nahi dira.

Euskaraz barra-barra koordinazio mahaia Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak, Nafarroako Euskarabideak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak osatzen dute. Zupiriak adierazi duenez «lankidetzatik eraikitako marka da, udaletako teknikariekin eta HAKOBA batzordekideekin». Marka iraunkorra izango da, herrietako euskara zerbitzuetatik kudeatuko dena.

Nafarroako Gobernuan Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok adierazi duenez, Euskaraz barra-barra «euskaraz egiteko askatasun eta lasaitasun espazioak ikusgarri egiteko ekimena da, herritar euskaldunei erosotasuna ematen diena». Bestalde, Euskararen Erakunde Publikoko Lehendakari Antton Curutcharry-k gogoratu duenez EEPko Biltzar Nagusiak aho batez onartu du proiektua Ipar Euskal Herrian sustatzea, «erabilpenaren pizgarri» izan daitekeelako. Marka Euskararen Erakunde Publikoak hedatuko du Ipar Euskal Herrian, Curutcharry-k esan duenez «lankidetzak bilatuz elkarteekin, merkartaritza sareekin, eta nahi duten eragile guztiekin».

Publicidad

Pilotatze-fasea abian

Euskaraz barra-barra marka pilotatzeko prozesua duela hilabete batzuk hasi zen, eta urtetik urtera zabaltzen joango da. Oraingoz Donostia, Oarsoaldea, Andoian, Laudio eta UEMAren barneko herrietako 1.644 establezimendutan ezarri da marka bateratu berria pilotatze-fasean. 2023an 50 udalerri inguru, EAEko hiru hiriburuak barne, hasiko dira marka ezartzeko prozesuarekin eta datorren urterako ere konpromezua hartu dute hainbatek. Helburu nagusia herri guztietan martxan jartzea da.

Eneko Goia Donostiako alkateak azaldu duenez, ekimena ona da bezero euskaldunentzat, «baina baita merkatari eta ostalarientzat ere, komunikazioa hobetzen laguntzen dielako eta bezero euskaldunen hizkuntza premiak asebetetzen dituelako«. Gipuzkoako hiribuan 1.132 establezimendu atxikitu dira egitasmora eta horietan jendaurrean ari den langileen %77,7k euskaraz dakite edota euskaraz ulertzen du. Barra-Barra markak »errealitate hau azaleratzen lagunduko digu eta donostiarrei zein Donostiatik kanpo etortzen diren euskaldunei euskaraz aritzeko aukera ugari emango dizkie«, gaineratu du Goiak.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad